46 positibo baieztatu dira azken orduetan Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 20a, 14:54

Hamahiru positibo hauteman dira Bergaran, hamabina Arrasate eta Oñatin, lau Aretxabaletan, bina Aramaio eta Eskoriatzan eta kasu bat baieztatu dute Elgetan. Pandemia hasi zenetik atzora arte, 8.218 positibo erregistratu dira guztira Debagoienean.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Atzo hautemandako kasu berriekin, hainbat langa gainditu dituzte bailarako herriek: 200 kasu metatuetara iritsi da Aramaio, 70era Elgeta eta 1.500 dira Oñatin orain arte erregistratutako kasuak.

Intzidentzia-tasei dagokienez, eremu horian zeuden bi herriak, Aretxabaleta eta Bergara, gune laranjara igaro dira eta gertuago daude gune gorritik: 353,11ko tasa du Aretxabaletak eta 332,54koa Bergarak.

Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

1.314 positibo EAEn

Azken datuak ikusita, koronabirusari "beldurra galdu zaiola" azaldu du Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan: "Agertoki berri batean gaude, eta maskararen erabilera murriztu da (...). Uda, oporrak... beldurra galdu dugu". Bestetik, gehitu du ezin dela dena "txertoaren eskuetan utzi", eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, beste behin.

Azken orduetan, 11.944 proba diagnostiko egin dira, eta  %11k eman du emaitza positiboa. Nabarmen egin du gora positibotasun-tasak eta erkidegoko intzidentziak ere gora egiten jarraitzen du –ia beste 40 puntu egin ditu gora–; hala, 585,99koa da EAEko intzidentzia-tasa –duela astebete baino 240 puntu gehiago ditu–.

Horri jarraituz, azpimarratzekoa da –beheko grafikoan ikusten den bezala– Gipuzkoako zenbatekoaren bilakaera:

Bestetik, adinei erreparatuz gero, horrela daude banatuta intzidentziak:

Kasu berriekin jarraituz, guztira, 1.314 lagunek eman dute positibo. Lurraldeka, 694 kasu erregistratu dira Bizkaian, 440 Gipuzkoan, 139 Araban eta 41 dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Eta oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, apur bat egin du behera: azoko datua 1,29koa da. R0 datua antzera mantendu da azken astean:

 

Bestetik, EAEko ospitaleetan, aurreko egunean baino hemezortzi lagun gehiago daude ingresatuta: guztira, 218. Zehatzago esanda, bi gehiago daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (guztira 44) eta hamar gehiago plantan (174). Gotzone Sagardui sailburuak azaldu duenez, ospitaleratuta daudenen batez besteko adina 52-53 urtekoa da; halere, "gaztetzen" ari da batez besteko hori.

Nafarroako positibotasuna, %14,2koa

3.087 proba egin ostean, 439 positibo baieztatu dituzte Nafarroan; hots, %14,2k eman du emaitza positiboa. Bestetik, hamaika lagun daude ZIUn; aurreko egunean baino bat gutxiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak