Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan iragarri du Sagarduik txertaketa kanpainaren hurrengo urratsa: bihartik aurrera, 12 eta 15 urte arteko gazteek hitzordua eskatu ahal izango dute, Osakidetzaren webgunean edo norberaren osasun zentrora (edo 900 20 30 50 telefonora) deituta. Adin-tarte hori ikasturtea abiatu orduko txertatzen hastea positibotzat jo du sailburuak.
Bestetik, gehitu du hitzordua hartuta duenak baina txertatzera joan ezin denak bere txanda baliogabetu behar duela, Internet bidez edo telefonoz deituta. Izan ere, azken egunetako kutsatzeen eraginez, hainbat lagunek ezingo dute tokatzen zitzaien txertoa hartu, eta dosi horiek beste herritar batzuei esleitzea nahi du Osasun Sailak.