Doako aholkularitza espezializatua da Hazinnovak eskaintzen duena, eta sustatzaileek azaldu dutenez, helburua produktuak eta enpresetako negozio-prozesuak hobetzea da: fabrikazioa, logistika, merkaturatzea eta administrazio-finantzak.
Debagoieneko Mankomunitatearen bitartez eskuratu ahal izango da laguntza, eta zerbitzuaren berri emateko irailean jardunaldi bat egitea aurreikusten dute; bertan, egitasmoaren nondik norakoak, aurreko edizioko esperientziak eta aholkularitza ematen duten kontsultorak ezagutzeko aukera izango da. Nolanahi ere, dagoeneko eskaerak egin daitezke enpresa@debagoiena.eus helbidera idatzita edo 943 79 30 90 zenbakira deituta.
Zortzi eratako bi proiektu
Laguntza-aukeraren barruan, negozio-prozesu zein produktu arloko berrikuntza mikroproiektuak inplementatzeko aholkularitza eta bide-laguntza eskaintzen da, eta enpresek bi motatako mikroproiektuak egin ahalko dituzte.
Honako zortzi aukera hauek daude: enpresaren kudeaketa ekonomiko- finantzario eta estrategikoa hobetzea, errentagarritasuna kontrolatzeko; produkzio prozesuak hobetzea, enpresaren produktibitatea, kalitatea, iraunkortasuna edo segurtasuna handitzeko; hornikuntza- edo banaketa-katea hobetzea, entrega-epeak murriztu eta bezeroei zuzendutako zerbitzua hobetzeko; administrazio prozedurak berriz diseinatzea (eskaera, kobrantza eta ordainketen kudeaketa, dokumentazioaren kudeaketa, bezeroen inguruko kudeaketa administratiboa, erreklamazioak, berankortasuna...), enpresaren eraginkortasuna hobetze aldera; pertsonen kudeaketa nabarmen hobetzea, beren konpromiso eta motibazioa handitzeko; bezeroen inguruko ezagutza, kaptazioa, arreta eta fidelizazioa hobetzea, merkatu-kuota handitzeko; produktu eta zerbitzuak (berriak edo badaudenak) merkatu berrietara egokitzea (nazionalak, nazioartekoak edota sektore berriak), edo enpresaren marketina egokitzea, merkatu geografiko edo bezero segmentu berrietara zabaltzeko; eta produktu mailako konponbideak identifikatu eta ezartzea, negozio-bolumena handitzeko aukera izateko.