Abuztuko erreserben %63a eginda dituzte Debagoieneko landetxe eta hotelek

Xabi Gorostidi 2021ko uzt. 19a, 10:21
Jesus Kalboetxeaga, Elgetako Maialde landetxean, erreserba bat apuntatzen.

Bezeroen artean azken orduan erreserbatzeko joera handitu egin dela diote, eta erreserbak bertan behera uzteko malgutasunak "ezegonkortasuna" dakarrela ere.

Turismo sektorean diharduten debagoiendarrek esperantza dute aurtengo abuztua "iazkoa baino hobexeagoa" izan dadin. Hobeagoa edo askoz hobeagoa izateko egarriz daude, baina tentuz erabiltzen dute hobexeago hitza, jakin badakitelako oraindik zalantza izpi asko daudela. "Gorabeherak alde batera utzita, iaz baino hobeto gaude, eta aurtengo abuztuan mugimendu gehiago egotea aurreikusten dugu. Ez da pandemia aurreko abuztu horietako bat izango,  baina ea pixkanaka gerturatzen garen", dio Goiko-benta ostatuko Miren Maiztegik.

Miren Maiztegi, Goiko-benta ostatuaren kanpo aldean.

Bailarako hotelen, landetxeen eta antzeko negozioen atea jo du GOIENAk, abuzturako dituzten aurreikuspenei termometroa jartzeko. Horietako 23k emandako erantzunen batez bestekoa aintzat hartuz, une honetan, abuztuko erreserben %62,87 eginda dituzte. Zifra horren barruan, ordea, askotariko errealitateak daude: hiruk, adibidez, %90 eta %100 arteko erreserba maila dute; txanponaren beste aldean, berriz, bi negozio daude erreserba maila %11tik behera dutenak. Esan bezala, aste honetako argazkiko zifrak dira horiek, baina azken unean erreserba gehiago jasoko dituztela diote gehienek.

Horren harira, zera adierazi du Eskoriatzako Gorosarri landetxeko Alex Perezek: "Beste urte batzuetan baino beranduago ari gara erreserbak jasotzen. Normalean, Aste Santua heldu orduko abuztuko erreserba ia guztiak eginda egoten dira. Baina aurten, aurrerapen gutxiagorekin dabiltza bezeroak. Batez beste, hamabost egun lehenago egiten dituzte erreserbak, eta ziur azken asteetan asko ugarituko direla".

Eskoriatzako Gorosarri landetxeko Alex Perez.

Azken uneko mugimenduekin jarraituz, hauxe azaldu du Elgetako Maialde landetxeko Jesus Kalboetxeagak: "Gure kasuan, abuztuan beti lortzen dugu ia-ia beteta egotea. Aurten, adibidez, bertan behera utzitako erreserbak ugaritu egin dira. Baina, era berean, erreserba kopuruak ere gora egin du. Beraz, hori ikusita, ziur urteroko martxan arituko garela".

Erreserbak bertan behera uztea

Turismo sektorean aldaketa sakon asko ekarri ditu COVID-19ak, baina horietako bat, ezbairik gabe, erreserbak bertan behera uzteko politiken malgutasuna da. Pandemia aurretik, negozio bakoitzak prozedura propioa izaten zuen: zurruna batzuek, malguagoa beste batzuek... Baina COVID-19ak sortutako ezegonkortasun egoerarekin, negozio ia guztiek jarri dituzte erraztasunak, eta bezeroek azken unera arte dute aukera erreserbak ezeztatu ahal izateko.

"Erreserbak bertan behera uztearena oso samur dago une honetan, eta horrek ezinegon handia ekartzen digu profesionalei. Dena beteta eduki dezakegu eta ordu erdian jasotako bi deirekin okupazioaren %20ra pasa gaitezke. Gure kasuan, pandemia aurretik zorrotzagoak ginen erreserbak bertan behera uzteko politikarekin, baina pandemiak erabat baldintzatu gaitu. Une honetan, denok ematen ditugu erraztasunak, eta jendea hori aprobetxatzen ari da. Bezeroentzat abantaila da, baina jabeentzat...", dio Maiztegik.

Atzerritik etorritako turistekin asko igarri dute hori: "Urte hasieran, atzerritarren erreserba asko jaso genituen, baina egoera pandemikoa dela-eta bertan behera utzi dituzte ia gehienek. Herbehereetako eta Belgikako bezeroen erreserbak izan dira bertan behera geratu ez diren bakarrak. Beste urte batzuetan baino gutxiago dira, baina, behintzat, hor daude".

Maite Aristegi, Lamaino landetxearen kanpo aldean.

Bergarako Lamaino landetxeko kasua berezia da. Ez dute Interneteko plataformen bidez erreserbarik jasotzen, eta, euren kasuan, ez dute hainbeste igarri.  "Orain arte, ez dugu askorik igarri erreserbak bertan behera ixtearena, baina hari batetik zintzilik gaude, gainontzeko guztiak bezala. Tamalez, beti dago ezbeharren bat gertatzeko arriskua, eta, halakoetan, ez dago ezer egiterik. Astebete lehenago deitzen diegu, ea dena ondo dagoen jakiteko", azaldu du Maite Aristegi arduradunak.

Aldaketak turisten jatorrian

Azken oporraldietan, bezeroen jatorrian aldaketak izan dituzte bailarako ostatu askok. Nazioarteko bisitari atzerritarren beherakada nabaria izan da, eta asko izan dira horien falta sumatu dutenak. Eskoriatzako Gorosarri landetxearen kasuan da horietako bat. "Bezeroen jatorrian aldaketa nabaria jasan dugu. Pandemia aurretik, gure bezeroen %80 nazioartetik zetorren eta gainontzeko %20a, Espainiatik. Baina iaz eta aurten zifrak goitik behera aldatu dira, alderantzizkoak izateraino: %80 Espainiakoak eta %20 nazioartekoak", azaldu du Alex Perez arduradunak.

Elgetako Maialde landetxean, ordea, bezero atzerritarren bisitak berreskuratu dituzte aurten: "Iaz, adibidez, atzerritar bezeroak desagertu egin ziren. Baina aurten, itzuli egin dira; uztailean, adibidez, hainbat eduki ditugu: Alemaniakoak, Frantziakoak eta Errusiakoak. Orokorrean, Frantziatik etortzen dira gehien, baina italiarrak eta herbeheretarrak ere nahiko ohikoak izaten dira. Aipatutako atzerritarren artean ohikoena gau bakar bat pasatzea da. Cadizera edo Portugalera doaz, eta, bide erdian, gurean hartzen dute atseden. Baina abuztuan datozen horiek egonaldi luzeagoak egin ohi dituzte".

Lamaino landetxearen kasuan, bezero euskaldunak ohikoak izaten dira beti, eta, horri esker, azken urteko neurri berezien eragina leunagoa izan da. "Euskal bezeroak izan ditugu betidanik, eta iazko egoera xelebrean nagusi izan ziren". Hala ere, askotariko bezeroak dituzte: "Espainiatik ere etortzen dira asko; Madrildik eta Kataluniatik, nagusiki. Eta Frantzia aldetik ere etortzen dira: badugu, adibidez, urtero bisitatzen gaituen familia frantziar bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak