Aramaioko Pago Zaharrari egindako ekitaldiarekin eman dio Debagoienak ongi-etorria Urmugari

Miren Arregi Amasorrain 2021ko uzt. 17a, 18:48

Kruzeta-gainetik Jarindogoitirako bidean dagoen Pago Zaharrari ekitaldia egin diote Urmuga egitasmoaren barruan. Bertan parte hartu dute Aramaioko Alaia Kantu Taldeko eta Arrasateko Ttakun txalaparta taldeko kideek, Julio Soto, Xabi Igoa eta Manex Agirre bertsolariek eta Eñaut Zubizarreta musikariak. Jon Ugartek eman ditu pogoari buruzko azalpenak eta Felipe Uriartek, Urmugaren eta Pago Zaharraren arteko loturan sakondu du.

Iazko Urmuga zeharkaldia egiten zihardutela, Felipe Uriarte mendizaleak Aramaioko Pago Zaharrarekin topo egin zuen. Uriartek berehala sentitu zuen pago-motz hark bete-betean egiten zuela bat Urmugaren espirituarekin. Hala, gaur, ekitaldia egin diote Pago Zaharrari, Uriarteren hitzetan, herriarekiko, lurraldearekiko, hizkuntzarekiko eta osasunarekiko errespetua sinbolizatzen duenari. "Pagoak hitz egiten digu, gertatzen dena da guk ez dakigula haiek entzuten. Pago Zahar honek urte asko daramatza hemen eta asko bizi izan du, zaindu behar dugu zaindu behar ditugun moduan gure basoak", azaldu du Uriartek.

Izan ere, Jon Ugarte mendizalearen esanetan, biodibertsitate aldetik garrantzia handia dute pagoek, animalien bizileku eta gordeleku direlako. Aramaioko Pago-Zaharra, pago-motza da; alegia, lepotik moztuta dago. Ugartek dio, horrelako zuhaitz asko dagoela Euskal Herrian, baina honek baduela bere xarma dagoen tokiagatik eta nahiz eta pago-motza izan eta egurra jaso duen urteetan zehar, oraindik bizirik eta indartsu dagoela. "Pago-motz honi adarrak moztu zaizkio, ganadua ibili da, baso-pista zabaldu zaio ondoan, baina hala ere egoera politean dago".

Ekitaldi xumea eta goxoa

Urmugalariak Pago-Zaharra dagoen tokira heltzearekin batera hasi da ekitaldia. Haiek, Arlabanen hasi eta Arlabanerainoko ibilbidea egin dute. Ekitaldian pagoaren sinbologiaz mintzatu dira eta Urmugaren ikur den musikak ere izan du bere tokia. Berriz ere, Urmugak, Natura eta musika elkartu ditu.

Gaurkoarekin, Debagoienak ongi-etorria egin dio Urmugari. Bihar ere gurean izango dira bai mendizaleak eta baita musikariak ere. Hala, Arlabandik Urbiarako ibilbidea egingo dute batzuek. Han Alos Quartet taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da 13:00etan hasita. Arratsaldean, Oñatin arituko dira sona handiko musikariak: Maider Zabalegi, Alex Sardui, Petti, Jurgi Ekiza eta Et Incarnatus orkestra.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak