Arantza Chacon: "Gaztelerarekin laguntzeko boluntarioak behar ditugu"

Maialen Santos 2021ko uzt. 16a, 17:20

CEAR Euskadik kudeatzen duen Oñatiko Larraña Etxean bizi diren errefuxiatuei gaztelaniazko eskolak ematen eta mintzapraktikan laguntzen herritar ugari aritu dira ikasturtean zehar, baina opor garaian haiek ordezkatuko lituzketen boluntarioak behar dituzte.

Irailetik aurrera ere eskertuko lukete euren laguntza, Arantza Chacon bertako zuzendariaren esanetan.

Zertarako behar dituzue boluntarioak, zehazki?

Gure zentroan bizi diren pertsona asilo eskatzaileei laguntzeko. Zehazki, gaztelerarekin lagundu dezaketen lagunak bilatzen ari gara.

Zein ezaugarri behar dira laguntza hori emateko?

Ez dugu aparteko formakuntza edo titulaziorik eskatzen. Edonork lagundu ditzake bertan bizi direnak. Boluntario batzuek mintzapraktika egiten jardungo dute, adibidez, eta formakuntza handiagoa dutenek idazten eta irakurtzen lagun dezakete, bestetik. Boluntarioen eta zentroko erabiltzaileen profilen arabera joango gara hori zehazten, beharren arabera.

Noiz izango dira eskolak?

Hori ere boluntarioen disponibilitatearen araberakoa izango da. Aztertuko ditugu aukerak, eta zehaztuko ditugu orduak.

Boluntario izan gura duenak nora jo behar du?

Larraña Etxean lanean ari garenokin jar daiteke harremanetan zuzenean, eta horretarako bi telefono zenbaki ahalbidetu ditugu: 688 72 90 79 edota 688 81 30 06. Horietara deitzea eskertuko genuke.

Nola dago zentroa orain?

Duela hilabete inguru, 48 lagun bizi ziren Larraña Etxean, eta orain, dagoeneko 75 inguru dira; beraz, aste gutxian 30 lagun gehiago ditugu harrera zentroan. Familian, bikoteka edota banaka bizi dira, eta jatorri askotarikoak dira: georgiarrak, pakistandarrak, magrebtarrak...

Zergatik horren aldaketa handia?

Muturreko egoeran zeudelako asko eta asko. Pandemiak zaildu egin du laguntza eske datozenak mugitu ahal izatea. Edozelan ere, mugikortasun mugak malgutu izanak jendea guganaino iristea erraztu du orain, eta horregatik iristen ari dira asko, lur zein itsasorik. Hegazkinez oraindik ez dira iristen ari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak