47 kasu baieztatu dira bailaran; atzo baino bost gutxiago

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 16a, 12:58

Arrasate eta Oñati izan dira beste behin kasu gehien erregistratu dituzten herriak (hamahiru eta hamabi), baina oraingoan Bergara izan dute atzetik, bederatzi kasurekin. Bestetik, sei hauteman dira Aretxabaletan, lau Eskoriatzan, bi Aramaion eta bat Elgetan.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Bi gehiago eremu gorrian

Intzidentzia-tasei erreparatuta, Oñati eta Elgeta eremu gorrira igaro dira 400eko intzidentzia-tasa metatua gainditu ostean. Gainerako herrietan ere gora egin dute tasek. Datu guztiak daude ikusgai beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Bestetik, atzo iragarri moduan, 8.000 kutsatuen langa gainditu du bailarak; zehazki, pandemia hasi zenetik 8.085 debagoiendar kutsatu dira. Beheko grafikoan ikusten den bezala, 84 egunetan atzeman dira azken 1.000 kasuak; orain arteko denbora-tarte handiena behar izan da horretarako:

Adierazle guztiek okerrera, EAEn

Osasun Sailak jakinarazi duenez, pandemiaren bilakaera aztertzeko erabiltzen dituzten adierazle guztiek okerrera egin dute azken orduetan: intzidentzia metatuaren tasa 458,24koa da (+42,69); oinarrizko birsorkuntza tasa, 1,41ekoa (+0,05); tasaren arrazoia 1,86koa (+0,01), ZIUetan 31 lagun daude (+ 3); eta 65 urtetik gorakoen arteko intzidentzia tasak ere gora egin du: 73,83koa (+13,96) da.

Ildo beretik, positibotasun-tasa ere igo egin da: 11.894 probatatik %11,3k eman du emaitza positiboa; hau da, 1.345 lagunek. Beheko taulan, adin tarteka (1.zutabea) banatuta daude azken positibo horiek (2.zutabea), eta hirugarren zutabean daude dagozkien intzidentzia-tasak:

Lurraldeei erreparatuta, Bizkaian atzeman dira positibo gehienak: 672. Bestalde, Gipuzkoan 482 baieztatu dira, Araban 163 eta 28 izan dira bestelako erkidegoetan erroldatutakoen artean hauteman direnak.

Ospitaleetan, berriz, aurreratu bezala, aurreko egunean baino hiru lagun gehiago daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, eta 28 gehiago plantan. Guztira, 157 dira EAEn ospitaleratuta daudenak eta atzo ingresatutakoak 47 izan ziren.

Nafarroako datuak, batzeke

Nafarroako Gobernuak datu guztiak emandakoan eguneratuko da albistea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak