Pandemiari aurre egiteko LABIk hartu den azken erabakia izan da parke, plaza eta gainerako eremu publikoetan jende pilaketak galaraztea, gauerditik 06:00ak bitartean. Horretarako, baina, baliabideak behar dituzte Udalek –haiei egotzi baitie kudeaketa Jaurlaritzak–, eta askok –batez ere txikienek– salatu egin dute egoera.
Aretxabaletako alkate Unai Elkorok azaldu du orain arte bezala jarraituko dutela, ez baitute bitarteko gehiago espazio publiko horien "zaintza" egiteko. Era berean, herritarrei ere erantzukizunez jokatzeko deia luzatu die, eta azaldu du jendea batzen den tokiak "identifikatuta" dituztela.
Antzuolan ere, bide beretik, Beñardo Kortabarria alkateak adierazi du herritarrei egoera zein den azaltzea erabaki duela Udalak: "Ordena publikoa ez da gure egitekoa; ez dugu horretarako betebeharrik, baliabiderik ezta eskumenik ere". Hala, herritarrei haien aletxoa jartzeko eskaera egin dei egin die Kortabarriak: "Beti erakutsi beharko genukeen konpromisoa sekula baino beharrezkoagoa da. Ez dekretuagatik, baizik eta egoeraren larritasunagatik. Hori dela-eta, antzuolar guztiei zentzuz jokatzeko eskatu nahi dizuegu, bizipozez eta neurriak betez".
Lau udaltzain daude Aretxabaletan eta 22:00ak arteko txanda dute. Antzuolan, berriz, aguazil bat dago eta Kortabarriaren arabera ez dagokio "polizia lanak" egitea. Gauzak horrela, bi alkateen ustez, Udalek dituzten baliabideekin ezin dira Jaurlaritzaren dekretuak esandakoak bermatu.