Zero kilometroko komunikazioaren garrantzia azpimarratu du Tokikomeko presidente Iban Arantzabalek

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 15a, 13:15

Jardunaldiak egin dituzte gaur, Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urtearen atarian, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuta. Hamasei hizlarik parte hartu dute; tartean, Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi eta Tokikomeko presidenteak. Arantzabalek "zero kilometroko komunikazioaz" jardun du, besteak beste.

2022an beteko ditu 40 urte Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak, eta gaurko jardunaldian, legeak oraindik egin ditzakeen ekarpenez hausnartu dute parte-hartzaileek. Euskal politika eta gizarteko ordezkariek hartu dute parte mintegian; hala nola, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Andres Urrutia euskaltzainburuak edota Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendariak.

Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi eta Tokikomeko presidenteak tokiko komunikabideak izan ditu ardatz bere hitzaldian. Azpimarratu du legeak beti doazela "gizartearen behar eta ekimenen atzetik", baina euskara normalizatzeko legearen kasuan, hedabideak legearen eta gizartearen arteko "lotura-egile" izan daitezkeela, "zubi-lana erraztuz".

Zero kilometroa, informatzeko ere bai

Egun kontsumitzen den informazioaren ehuneko handiena "sare sozialen atzean dauden multinazionalen esku" dagoela azaldu du Arantzabalek, eta hala, ezinbestekotzat jo du, elikadura edota energiarekin egiten den bezala, informazioaren alorrean ere zero kilometroa babestea: "Komunikazioan ere, elikaduran bezala, bertan sortu, banatu eta kontsumitutakoa askoz ere osasungarriagoa eta jasangarriagoa da munduko beste puntatik ekarri beharrekoa baino".

Burujabetzari eustea eta komunikazio sistema "propio, sendo eta dinamikoa" mantentzea da giltza Arantzabalen ustez, eta horren garrantziaz jabetzeko datuak eman ditu: "Interneteko datuei dagokienez, toki komunikabideak dira euskarazko komunikabide ez publikoen kontsumoaren %70, eta kontsumitzeko arrazoi nagusia gertuko informazioa eskaintzea da".

Bi erronka nagusi etorkizunerako

Iban Arantzabalek bi erronka jarri ditu mahai gainean: EiTB eta euskarazko beste medioen arteko lankidetza estutzea eta Erresuma Batuko BBC-k hango toki komunikabideekin duen elkarlan hitzarmena hona egokitzea. Horri lotuta, TOKIKOM, EITB eta BBC laster elkartuko direla iragarri du, lan-saioa egiteko.

Bukatzeko, Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen harira, zuzenean interpelatu du elebidunak izanda gaztelania nagusitasunez erabiltzen duten hedabideei ematen zaien laguntza: "Bada garaia euskara modu anekdotikoan erabiltzen duten eta nagusiki erdaraz diren hedabideekin zer egin aztertzeko. Ez dakit euskararen apurretatik jaso behar duten edo beste planteamendu bat egin beharko litzatekeen. Aztertzeko gaia bada, 40 urte pasa diren honetan". Orain dela 40 urteko aipu bat ere eman du, Amatiñorena, ETBk euskara hutsean egin zuen emisioaz: "Eusko Jaurlaritzak hartu zuen euskaraz bakarrik egitearen erabakia, irrati zein prentsa elebidunaren porrota aztertu ondoren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak