- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Azken datuek erakusten dutenez, eskualdeko herrietan goranzko joera hartu dute COVID-19 kasuek. Azken astean, 162 positibo baieztatu dira Debagoienean eta horietatik 52 atzo hauteman ziren. Gorakada horren erakusle da bailarako intzidentzia-tasa ere: 342,54koa da –laranja– hain zuzen ere.
Herrietako intzidentzia-tasei erreparatuta, orain arte kolore horia izan duten hiru herri, gune laranjara igaro dira (Arrasate, Elgeta eta Oñati), eta horrenbestez, eremu gorritik gertuago kokatu dira. Oro har, gora egin dute herri guztietako tasek:
- Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAE, gorri
EAEko intzidentzia-tasak ia 38 puntu egin ditu gora, eta batez bestekoa 415,55era iritsi da. Hala, 400etik gorako tasarekin, Euskal Autonomia Erkidegoa eremu gorrira igaro da. Gainera, nabarmentzekoa da Gipuzkoak 500 kasuko intzidentzia metatuaren langa gainditu duela, beheko grafikoan ikusten den bezala. Honako hauek dira lurralde bakoitzaren bilakaerak:
1.200 positibotik gora
11.449 PCR eta antigeno proba egin ostean, 1.217 kasu baieztatu dituzte EAEn: 511 Bizkaian, 502 Gipuzkoan, 154 Araban eta 50 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Hala, positibotasun-tasa % 10,6koa izan zen. Horrek esan nahi du proba egin zuten hamar lagunetik batek positibo eman zuela atzo.
Bestetik, adin-tarteei erreparatuta, 88 izan dira 17 eta 18 urte bitartekoen artean hautemandako kasuak; hau da, kasu guztien %7.
Oinarrizko birsorkuntzak, gora
Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntzak beste apur bat egin du gora eta 1,36koa da. Horrenbestez, kutsatutako pertsona bakoitzak beste lagun bat –edo gehiago– kutsatzen dituela ondorioztatzen da, eta hortaz, pandemia hedatzen ari dela.
Ospitaleetako azken berriei dagokienez, 31 lagun ingresatu zituzten atzo EAEn, eta guztira 126 lagun daude erietxeetan; horietatik 28 daude ZIUn –aurreko egunean baino bi pertsona gehiago–. Debagoieneko ospitalean berriz, bi pertsona daude ingresatuta.
Nafarroan, pandemiako hirugarren daturik okerrena
3.760 probatatik 608k eman dute emaitza positiboa Nafarroan; % 16,2k, alegia. Pandemia hasi zenetik erregistratutako hirugarren zenbateko handiena da atzokoa. Ospitaleetan berriz, 33 lagun daude erietxeetan eta horietatik hamar dira ZIUn daudenak.