Positiboek gora egin dute bailaran; batez ere, Antzuolan eta Arrasaten

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 14a, 12:45

Atzo egindako probek 33 kasu berri baieztatu dituzte Debagoienean: hamabost Arrasaten, zortzi Antzuolan, lau Oñatin, bi Bergaran eta bana Aramaion, Aretxabaletan, Elgetan eta Eskoriatzan. Hala, ia 8.000 debagoiendar dira pandemia hasi zenetik kutsatutakoak.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
  • OHARRA: asteko buletina argitaratuko du gaur Osasun Sailak eta datu metatuetan doikuntzak egon daitezke.

Intzidentzia-tasek, gora

Positibo berriekin, intzidentziek ere gora egin dute eskualdean; Aretxabaletan salbu, bailarako gainerako herrietan 200etik gorakoa da intzidentzia-tasa metatua. Gainera, gorriz daude Aramaio (1.216,22), Antzuola (917,85) eta Leintz Gatzaga (427,35).

Datu guztiak daude hurrengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotzarik ez, EAEn

Datuek egunetik eguenera nabarmen okerrera egiten duten arren, azken astean –uztailaren 5etik 11ra bitartean–, ez da inor hil koronabirusaren eraginez. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, guztira, 5.611 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.

Beste 31 puntu gehiago

Beste egun batez, Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasak 31,19 puntu egin ditu gora, eta 377,89koa da. Gainera, azpimarratzekoa da 17 eta 18 urte artekoen intzidentzia 2.772,44koa dela eta 39 urte baino gehiago dituztenen tasa ez dela 250eko langara iritsi.

Azpiko grafikoan daude intzidentziak, adin-tartearen arabera:

Kasu berriei dagokienez, 11.651 proba diagnostiko egin dira azken orduetan, eta % 8,5ek eman du emaitza positiboa; hau da, 989 lagunek. 462 izan dira Bizkaian hautemandako kasuak, 398 Gipuzkoakoak, 94 Arabakoak eta 35 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.

Eta positiboak adin-tarteetan banatuz gero,  489 (ia erdia) izan dira 19 eta 39 urte bitartekoen artean atzemandakoak, 240 18 urtetik beherakoen artean hautemandakoak eta 211 dira 40 eta 64 urte bitartekoen artean baieztatutakoak. Bestetik, 47 izan dira 65 urtetik gorakoen artean atzemandakoak.

Bestalde, oinarrizko birsorkuntza edo R0 datuak gora egin du, eta beheranzko joera eten da. 1,31koa da.

Hiru gehiago, ZIUn

EAEko ospitaleetan, 125 pertsona daude ingresatuta –aurreko astean baino 49 gehiago–. Horietatik 26 daude ZIUn –atzo baino hiru gehiago eta aurreko astean baino bat gehiago– eta 99 daude plantan. Bestalde, 31 izan ziren atzo ospitaleratu zituztenak.

Nafarroan, 532 kasu

Atzo egindako proben % 16,5ek eman du positibo Nafarroan; guztira, 532 kasu baieztatu dituzte –aurreko egunean baino 48 gehiago–. Bestetik, erietxeetan 31 lagun daude, eta horietatik hamar dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak