Dekretuan adierazten denez, 00:00etatik 06:00etara bitartean, parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-guneetan, patinaje-pistetan (skating) edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan –bai eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere–, ezin da pertsona talde handirik egon; soilik bizikideak elkar daitezke. Edonola ere, espazio horiek erabil daitezke eta kasu horietan, udalei edo administrazio eskudunei dagokie antolaketa. Hala, mugikortasuna ez da murriztuko ordu tarte horretan. Bihar sartuko da dekretua indarrean.
Maskara erabiltzeko deia
Bestalde, atzo lehendakariak egindako agerraldian, maskararen erabilera indartzeko dei egin zuen. Pandemiaren bilakaerak okerrera egin duela jakitun, "maskara, maskara eta maskara", azpimarratu zuen Urkulluk. Lehendakariaren arabera, arauak arau, momentu honetako "indargunea" da babes-neurri hori erabiltzea, eta norbanakoen erantzukizuna azpimarratu du.