- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei dagokienez, gora egin dute zenbatekoek kasu positiboak erregistratu diren bailarako herri guztietan; baina, salbuespena izan da Bergara. Bestetik, azpimarratzekoa da jada ez dagoela udalerri berderik; izan ere, Leintz Gatzaga berdetik gorrira igaro da zuzenean positibo bakar batekin. Maiatzaren 28an atzeman ziren azken bi kasuak Leintz Gatzagan.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAEko positibotasun-tasa, % 8,3koa
Azken orduetan, 9.498 proba diagnostiko egin dira, eta % 8,3k eman du emaitza positiboa. Nabarmen egin du gora positibotasun-tasak eta erkidegoko intzidentziak ere gora egiten jarraitzen du –ia 30 puntu egin ditu gora–; hala, 346,68koa da EAEko intzidentzia-tasa.
Horri jarraituz, azpimarratzekoa da –beheko grafikoan ikusten den bezala– Gipuzkoako zenbatekoaren bilakaera:
Kasu berriekin jarraituz, guztira, 788 lagunek eman dute positibo. Lurraldeka, 404 kasu erregistratu dira Bizkaian, 251 Gipuzkoan, 94 Araban eta 39 dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.
Bestalde, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, beheranzko joera ez da eten. Atzoko datua 1,30ekoa da; hala, jaitsi den arren, oraindik pandemia hedatzen ari da
14 urteko gazte bat, larri
EAEko ospitaleetan, bost lagun gutxiago daude ZIUn ingresatuta (guztira, 23); horietako bat 14 urteko gazte bat da eta Osasun sailburuak azaldu duenez larri dago. Gazteen arteko kutsatzeen ondorioak iritsi dira erietxeetara ere eta horren beste adibide bat da plantan daudenen egoera. Gela arruntetan 87 pertsona daude; tartean, adin-txikiko nerabe bat eta 18-30 urte bitarteko sei gazte.
Nafarroako intzidentzia, 350etik gora
Atzo Nafarroan egindako proben % 15,9k eman zuen emaitza positiboa: 484 kasu berri baieztatu ziren. Hala intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen du eta 350eko langa gainditu du. Bestetik, erietxeetan 32 lagun daude ingresatuta eta hamar dira Zainketa Intentsiboetako Unitatean daudenak; kasu honetan, ospitaleetako presioa arintzen ari da, egunez egun.