Karibea konkistatuz "ametsa" bete dute

Maialen Santos 2021ko uzt. 10a, 09:03

Asteon amaitu da El Conquistador del Caribe abentura 'reality'-a. Aurtengo parte-hartzaileen artean izan dira Bergarako Julen Herran Herrantxi eta Eskoriatzako Asier Urzelai Binbi. "Sekulako esperientzia" bizi izan dutela aitortu dute biek.

ETB2 katearen abentura reality-aren 17. edizioan parte hartu berri dute Julen Herranek eta Asier Urzelaik, Dominikar Errepublikako Parque de los Haitises-en. Esperientziari amaiera eman berritan azaldu diote GOIENAri "sekulakoa" izan dela, nahiz eta "une oso gogorrak" ere bizi izan dituzten. "Bi zatitan banatuko nuke: han bizitakoa eta telebistan ikusten dena. Oso ezberdina da han bizitakoa telebistan ikustea; eta, beraz, ni neu bizipenekin geratzen naiz", zehaztu du Herrantxi-k. Eta Binbi-k gehitu: "Abenturako minutu oro izan da garrantzitsua aurrera egiteko, eta egunak jendearekin elkarbanatzeak egin du eramangarriago".

"Gauak amaigabeak ziren"

Biek ala biek adierazi dute uste baino hobeto eraman dutela gosea. Hori baino okerragoak izan dira "ordu hilak"; tartean, gauak. "Arratsaldeko seietan iluntzen zuen. Txoriak kantuan hasten zirenean jakiten genuen laster argituko zuela, baina izugarri luzeak izaten ziren gauak", argitu du eskoriatzarrak. Eta hori gutxi balitz, eltxoek eta erosotasunik ezak askotan ez diete lorik egiten utzi. Edozelan ere, argi dauka zein izan zen guztietan momenturik okerrena: "Labirintoaren jokoa, zalantzarik barik. Begiak itxi zizkiguten eta sekulako estualdia bizi izan nuen, sentsazio izugarri txarra".

Binbi: "Finala ez nuen disfrutatu; zorabiatuta eta ahul nengoen"

Kanpamenduan ematen zituzten orduak ere luze egin zaizkiela esan du bergararrak: "Izan ere, ez genuen aukera handik mugitzeko, eta zeregin handirik ere ez, aldi berean". Arrazoi horregatik, taldean "giro ona" izatea "ezinbesteko" zela uste dute biek. Eta hori bakarrik ez: burua hotz mantentzea ere izan da "gako garrantzitsuetako bat".

Behin bizitzeko esperientzia

Casting-a bi urtetan egin ostean, aspalditik izandako "ametsa" bete dutela argi dute biek. Baina egonaldia errepikatuko ote luketen galdetuta, aitortu dute "bizitzan behin" izateko esperientzia dela. Edozein modutan ere, Binbi-k zehaztu du gonbidapena jasoko balu ezingo lukeela ezetzik esan.

Dominikar Errepublikara joan aurretik luzaroan aritu dira fisikoki zein mentalki prestatzen. Binbi-k azaldu du konfinamenduan egunero entrenatzen zela, eta Herrantxi-k, aldiz, lanketa psikologiko handia egin duela. Aurrez egindako lanak, baina, eman du fruiturik; izan ere, egindakoekin gustura sentitu dira biak, eta, orokorrean, ez lukete ezer aldatuko.

Elkarren arteko aurkari

Hasieran, Corocote taldekoa – urdina– zen bergararra; eta, aldiz, Yocahu taldekoa –gorria– eskoriatzarra. Hirugarren talde bat ere bazen hasieran, nahiz eta gero bat desegin eta bi talde egin zituzten –hor ere aurkari izan ziren–. Amaierarako, taldeak guztiz desegin zituzten, eta norbanako bakoitzarengan fokua jarri. Hain zuzen, azken urrats hori egin aurretik utzi zuen abentura Julen Herranek: "Ez nintzen Unifikazioa izeneko etapa horretara iritsi. Denera, hiru alditan izan nintzen etxera itzultzeko arriskuan, eta hirugarrenean kaleratu ninduten".

Herrantxi: "Karibera joateko aukera beste eskertzen dut jendearen babesa"

Asier Urzelaik, ostera, finaleraino iristea lortu zuen, eta baita hori jokatu ere. "Aurretik, behin izan nintzen etxera joateko arriskuan, baina, azkenerako, amaierara arte iristea lortu nuen", esan du. Finaleraino iritsi izanagatik eskertuta azaldu da eskoriatzarra, nahiz eta une hartan ez zuen disfrutatzerik lortu. "Ordurako gose handia nuen, indarrik gabe sentitzen nintzen, zorabiatuta eta ahul", dio.

Publikoaren faboritoa aukeratzeko orduan hirugarren sailkatu zen Herrantxi, eta jendearen babesa eskertzen duela dio: "Hara joateko aukera beste eskertzen dut jendearen babesa". Berak zein Binbi-k gustura hartzen dituzte hitz egitera gerturatzen zaizkienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak