Euskaratik gertu –auzotarrak– eta ez hain gertu –auzokideak– bizi direnen topagune den Auzoko egitasmoak dagoeneko eman dio amaiera ikasturteari.
Hizkuntza aniztasunetik eta kulturartekotasunetik eta euskara erdigunean jarrita bizikidetzarako espazioak eraiki gura ditu Auzokok, komunitatearen artean, eta Debagoienean, Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan dago martxan. Euskaltzaleen Topagunearen barruan Auzokoko arduradun Eider Gurrutxagak adierazi du ikasturtearen balorazioa "positiboa" dela, nahiz eta pandemiak eragin handia izan duen egitasmoan: "Zalantzarik barik, asko eragin digu. Edozein modutan, helburua lortu dugu: jendearen arteko harremana mantentzea". Eta gehitu du: "Saioetara jende gutxiago joan izan da kasu batzuetan. Egia da inplikazio maila handia eskatzen duela Auzokok, eta kontuan hartu behar da jende asko egoera irregularrean bizi dela eta beti ez dagoela saioetara joateko moduan". Oro har, pozik daude ikasturteak emandakoarekin.
Gurrutxagarekin bat datoz eskualdeko dinamizatzaileak, eta uste dute hilabeteetan egindako lanak fruituak eman dituela amaierarako. Miren Zubiak, Oñatiko dinamizatzaileak, "giro ona" eta "laguntasuna" nabarmendu ditu guztiaren gainetik, eta Eskoriatzako dinamizatzaileak, Iratxe Arresek, esan du aurten zenbait lorpen egin dituztela, "eta baita helburuak bete ere".
Jai bateraturik ez
Ikasturteari amaiera borobila emateko asmoz, Auzokoren jai bateratua egitekoak ziren joan den ekainaren 20an, Gasteizen. Egoerak behartuta, baina, bertan behera utzi behar izan zuten jaia, eta, horren truke, herriz herri egin zituzten ekintzak. Oñatin, esaterako, kantu baten bertsioa prestatu zuten egun hartarako, Zubiak adierazi duenez: "Nikaragua nikaraguita kantua moldatu genuen denon artean, eta horren bitartez saiatu ginen etorkinen istorioa kontatzen". Araotzera bisita ere egin zuten ekain hasieran, "eta, hori gutxi balitz, askari handi batekin (merendola) eman genion amaiera ikasturteari".
Eskoriatzako kideek, aldiz, arropa truke merkatua egin zutela esan du Arresek, "eta arropen izenak euskaraz ikasi genituen".
Datorren ikasturtera begira
Urriko lehen astean hasiko dute ikasturte berria Auzokon, eta horretan izena emateko epea irailean zabalduko dute. "Baina hortik aurrera ere, urte osoan zehar izango da egitasmora batzeko aukera", esan du Eider Gurrutxagak. Hala, debagoiendarrak animatu gura dituzte auzokide edota auzotar gisa parte hartzera. "Gure helburu nagusia da euskaratik urrun bizi direnak gerturatzea, eta, horretarako, dagoeneko euskaratik gertu bizi direnen laguntza ezinbestekoa dugu", esan du Iratxe Arresek.
Amaierarako, ekintza ugari
Ekainaren 20an Gasteizen jai bateratua egin ordez, herririk herri eman diote amaiera ikasturteari, eta, horretarako, hainbat ekintza egin dituzte. Arrasateko kideek Arantzazura irteera egin dute taldean. Oñatikoak, bestalde, Araotzera bisitan joan dira, eta askari handia egin dute (merendola). Bestetik, Aretxabaletako taldeak Debara irteera egin du, eta Eskoriatzako auzokide eta auzotarrek arropa trukaketa egin dute, eta baita poema bateratu bat sortu ere.