Azken zazpi egunetan 60 kasu baieztatu dituzte Debagoienean, joan den astean baino 44 gehiago. Iazko martxotik 7.876 lagun kutsatu dira eskualdean, eta 172 hil; horietako bi, azken astean –Arrasaten eta Bergaran–. Debagoieneko ospitalean bi lagun daude ospitaleratuta.
Kutsatu kopuruak gora egin du Debagoienean eta, beraz, intzidentzia-tasa ere nabarmen igo da azken egunetan –atzo, 117an zegoen–. Antzera gertatu da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ere; guztietan egin du gora tasak. Ildo horretatik, azpimarratzekoa da 17 eta 18 urteko gazten artean erregistratu dela intzidentzia-tasarik altuena; atzo, 2.179ekoa zen.
Txertatzeko hitzordua, gaurtik
Oraindik gainerako taldeen txertaketa amaitu gabe badago ere, 16 eta 29 urte arteko herritarren txertaketa aurreratzea erabaki du Osasun Sailak. Hain zuzen, gaurtik, egubakoitza, aurrera har dezakete hitzordua Osakidetzaren webgunearen bitartez. Orain arte 1.351.687 lagunek jaso dute ziztada bat eta 994.095 dira txertaketa prozesua bukatu duten herritarrak EAEn.
Neurriak, bere horretan
Neurriak zorroztea aurreikusten bazen ere, Labi Aholku Batzordeak eguaztenean egindako bileran arauak bere horretan mantentzea erabaki zuen. Halere, lehendakariak azpimarratu zuen debekatuta dagoela botila-festak, ez-jaiak edota jende-pilaketak sor ditzaketen bestelako ekimenak egitea. Atzo argitaratutako dekretuan zehazten da pertsonen pilaketak dakartzaten eta prebentzio-neurriak bete ezin diren ekitaldietan ezingo dela parte hartu. "Oso une delikatuan gaude, eta zuhurtzia beharrezkoa da", esan zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, bileraren ostean.