Bea Etxabe: "Nirea lentzeria-denda izango zela argi izan dut beti"

Jone Olabarria 2021ko uzt. 9a, 13:26

Betidanik nahi izan du bere lentzeria-denda propioa izan Etxabek. Produktuekin apur bat arriskatzea gustatzen zaio; lehoinabar-larruazala da arrakasta handien duena

Hogeita bi urte daramatza Bea Etxabek bainujantziak, tangak eta pijamak saltzen. Aretxabaletarra izan arren Arrasaten du denda, eta ez da arrasatearrak bezero hobeak direlako, baizik eta herriko komertzioan esperientzia zabala duelako. Gaur egun, Ibai-Arte merkatari elkarteko lehendakaria da.

Lentzeriari dagokionez, nolakoak gara debagoiendarrak? Klasikoak ala ausartak?

Nire publikoa adin ertainekoa da, orokorrean, baina denetik daukat. Niri asko gustatzen zait genero arriskatuagoa ekartzea, eta, hortaz, denetik eta denendako izaten dut.

Arrakasta handien zerk du, baina?

Lehoinabar-larruazaleko kuleroek, estanpatuek, arrakasta dute, asko saltzen ditut. Sekulakoa da; ekarri eta ekarri ibiltzen naiz. Beti agortuta daude.

Aretxabaletarra zara, baina denda Arrasaten. Bezero hobeak dira?

Nire negozioa jarri aurretik Arrasaten egiten nuen lan, arropa-denda batean. Argi nuen lentzeria landu nahi nuela, eta nire denda jartzerakoan Arrasateren alde egin nuen, aurretik ezagutzen nituelako bezero asko eta herriko komertzioen dinamika. Nire amak urte askoan lan egin du Lasagabasterren.

Zuk zeuk zure produktu bat hautatu beharko bazenu... zein?

Zelako galdera zaila, ez dakit erantzuten. Niri barruko arropa eta lentzeria ikaragarri gustatzen zait, horregatik jarri nuen denda; hortaz, ezin dut aukeratu.

Bainujantzia edo bikinia harro erakusteko toki bat?

Hemen gertuan, Ondarretako hondartza gustatzen zait asko. Bestela, Huelva dut oso gustuko. Bertara joaten gara oporretan, Antillara.

Hortaz, hondartzaren eta igerilekuaren artean...

Hondartza, zalantza barik, argi daukat. Igerilekuan hotel batera-edo joatean ere egoten naiz, baina itsasoa eta mendia asko gustatzen zaizkit.

Aretxabaletan hondartzarik ez, baina zer plan duzu gustuko herrian?

Paseoan ibiltzea, bueltatxo bat eman eta mendira joatea.

Internetek nola eragin dizue? Zertan igarri duzue?

Min handia egin digu. Bezeroek baloratzen dute herriko dendetatik egiten dugun lana, baina Internet hor dago, ezin dugu ukatu.

Zerk ematen dio balioa gertuko komertzioari, herrikoari?

Konfiantzazko tratua; etxera eraman daiteke probatzeko, adibidez. Bezeroa ezagutu eta badakigu bere gustua zein den. Asko dugu eskertzeko; herritarren erantzuna bikaina izan da garai zailenetan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak