Debagoiena 2030 ekimenak iazko irailean martxan jarri zituen hamahiru proiektutako ordezkariak elkartu dira gaur Arantzazuko Gandiaga Topagunean, proiektuen artean sor daitezkeen elkarlan bideak aztertzeko.
Hamahiru proiektu edo prototipo horiek Portfolio deritzona osatzen dute, "eskualdeko eraldaketan eragiteko logika desberdin bat"; alegia, gizarte moduan gaur gaurkoz dauden erronkei –hala nola, larrialdi klimatikoa, inklusioa, lanaren etorkizuna, digitalizazioa...– erantzuteko proposamen metodologiko bat. Estrategia honekin, hainbat arlotan eragingo duten ekintza edo esku-hartze proposamenak jarri dira martxan, elkarren arteko eragin dinamikan jardungo dutenak. Hain justu ere, elkarreraginean dauden askotariko proiektuen bitartez "gizarteko erronkei erantzuteko gaitasuna handitzen dela" sinisten du D2030ek.
Proiektuak izaera askotarikoak dira; lanaren etorkizunarekin, energiarekin, komunitatearen parte hartzearekin edo inklusioarekin lotutakoak.
Ideiak lantzen hasteko topaketa
Elkarren arteko lanketak eta konexioak bultzatzeko helburu horrekin egin dute hain zuzen ere, gaurko topaketa Arantzazun. D2030eko prototipo jabeek elkar ezagutzeko aukera izan dute goiz guztian, bai eta portfolio delako ideia lantzen hastekoa ere.
Han elkartu dira Saiolaneko, Emuneko eta D2030 ekimeneko ordezkariak eta baita prototipoak garatzen diharduten enpresa eta erakundetako ordezkariak ere; besteak beste: Saiolan, Emun, Goiena, H-Enea, Ekitermik, Mondragon Unibertsitatea, Gu Haziak Gara, Ereindajan, Arizmendi ikastola, Mondragon Taldea... Hamalau prototipo horien nondik norako guztien berri hemen.