Pertsonen pilaketak dakartzaten eta prebentzio-neurriak bete ezin diren ekitaldietan ezingo da parte hartu

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 8a, 08:09

LABI Aholku Batzordeak orain arteko arauak bere horretan mantentzea erabaki zuen atzo, eta gaur, uztailak 8, dekretua argitaratu dute. Hori bai, bertan zehaztu dute prebentzio-neurriak bete ezin diren eta pertsonen pilaketak dakartzaten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan ez parte hartzeko betebeharra.

Hona hemen dekretuan jasotakoak:

1.– Merkataritza, gizarte eta kultura-jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga-ordutegia 02:00ak arte ezartzen da.

2.– Jardueretan baimendutako gehieneko edukiera %60koa izango da lokal eta instalazio guztietarako (muga espezifikoren bat aplikatu behar duten lokal eta instalazioetarako izan ezik). Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira. Garraiobideek berariazko araudian baimendutako edukiera osatu ahal izango dute.

3.– Orokorrean edozein motatako gizarte, kultura-edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan. Hala:

  • 1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona egon daitezke barruan, eta 1.200 kanpoan.
  • 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, ez da gehieneko edukieraren % 30 gaindituko. Ahal den guztietan, 1.000 pertsona baino gutxiagoko eremu independenteak ezarriko dira, sarbide eta pasabide independenteko guneekin.
  • Aire zabalean egiten diren ekitaldietan (hiri-inguruneetan nahiz ingurune naturalean izan) jendea jarduera horietara joan ahal izateko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak errespetatu beharko dituzte antolatzaileek.
  • Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio protokoloak ezar ditzan, beste edukiera batzuk dituzten instalazioak erabili ahal izateko, osasun publikoko helburuetarako proba pilotuak egiteko.

4.– Ostalaritza eta jatetxe-establezimenduen barrualdeetan, edukieraren %50eko muga ezartzen da, baita barran edo zutik kontsumitzeko debekua ere. Zerbitzua antolatzeko, barrualdeetan eta terrazetan, gehienez sei pertsona izan daitezke mahai edo mahai-talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango dira bezero gehiago elkartu ez lau lagunentzako mahaietan, ez sei lagunentzako mahaietan ere.

5.– Joko eta apustu-establezimenduen barruko edukiera %50ean ezartzen da.

6.– Txokoek eta elkarte gastronomikoek honako arauak beteko dituzte:

  • Edukieraren %50eko muga eta barran edo zutik kontsumitzeko debekua dago xedatuta, bai eta maskara nahitaez erabiltzea ere, jateko unean izan ezik.
  • Erabiltzaileak mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago ez esertzeko moduan antolatu beharko dira, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango da lau edo sei lagunentzako mahaietan jende gehiago jarri. Nolanahi ere, ziurtatu behar da inguruko mahaietan eserita dauden pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantziari eusten zaiola.

7.– Lonjak, gazteen lokalak eta antzekoak itxita egongo dira.

8.– Itxita egongo dira diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

9.– Museoetan, erakusketa-aretoetan, natura-turismoan eta aisialdi eta turismo-zentroetan, barrualdean egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere hamar pertsonakoak izango dira. Eskola-talde egonkorrak gida bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara.

10.– Euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan, publikoetan zein pribatuetan, egiten den jarduera gehienez ere 25 laguneko taldeetan eman ahal izango da.

11.– Hezkuntza-aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek COVID-19aren aurkako protokolo bat izan beharko dute prebentzio-neurri guztiak benetan betetzen direla ziurtatzeko.

12.– Barruko instalazioetako kirol-jarduera gehienez ere hamar pertsonako taldeetan antolatu ahal izango da. Gehieneko edukieraren %50ean erabili ahal izango dira aldagelak, eta dutxak banaka edo pertsonen arteko bi metroko distantzia mantenduz.

13.– Indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta neurriak aplikatzen ez diren pertsonen pilaketa dakartzaten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan –ez kanpoan, ez barruan– parte ez hartzeko betebeharra ezartzen da.

Maskararen erabilera

Era berean, dekretuan gogorarazi dute maskara derrigorrez erabili behar dela erabilera publikoko edozein espazio itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein gunetan. Gainera, erabiltzeko betebehar hori mantendu egingo da, pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia ezin bada bermatu aire zabalean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak