COVID-19ak sei heriotza eragin ditu EAEn; horietatik bi, Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 7a, 12:49

Zazpi kasu berri baieztatu dituzte bailaran: hiru Arrasaten eta bana atzeman dira Aramaion, Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin. Bestetik, azken astean bi pertsona hil dira eskualdean, eta dagoeneko 172 dira pandemia hasi zenetik COVID-19aren ondorioz zendu direnak. 

Gaur argitaratu du Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa, eta bailarako zenbateko metatuetan doikuntzak egin ditu. Zehazki, Aramaioko (-1), Arrasateko (-1), Bergarako (-1) eta Oñatiko (-1) kasu metatuetan egon dira aldaketak.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasei erreparatuta, zenbatekoek gora egin dute Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran, baina ez da kolore aldaketarik izan mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Bi heriotza bailaran

Azken astean, ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean, sei izan dira gaitzaren eraginez EAEn hildakoak –aurreko astean baino bi gutxiago–, eta azpimarratzekoa da sei horietatik bi debagoiendarrak izan direla. Arrasaten erregistratu da heriotza bat eta Bergaran bestea. Gauzak horrela, dagoeneko 172 dira bailaran COVID-19aren ondorioz zendu direnak. Goiko mapan daude herri bakoitzeko datuak.

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, guztira, 5.611 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.

200etik gorako intzidentzia, EAEn

Osasun Sailak jakinarazi duenez, 19,18 puntu egin ditu gora erkidegoko intzidentzia metatuak: 203,15ekoa da.

Intzidentziak aztertzen jarraitzeko, azaldu behar da 609 positibo berri baieztatu direla EAEn eta horietatik 100, 17 eta 18 urte bitartekoen artean hauteman direla. Hala, adin tarte horietako intzidentzia-metatua –19 eta 39 urte artekoen taldearekin batera– nabarmen altuagoa da, gainerakoekin alderatuta. Horren adibide da 17 eta 18 urteko gazteen intzidentzia 2.000tik gorakoa dela.

Hurrengo grafikoan daude tasak, adin taldeka antolatuta:

Erkidegoko positiboetara bueltatuz, positibotasun-tasa % 6,8koa izan da –gora egin du–, eta lurraldeka, 262 izan dira Bizkaian hautemandako kasuak, 257 Gipuzkoakoak, 66 Arabakoak eta 24 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.

Bestalde, oinarrizko birsorkuntza edo R0 datuak behera egin du (1,50ekoa da), baina oraindik pandemia hedatzen ari dela erakusten du.

ZIUetako presioa, arintzen

EAEko ospitaleetan, hemeretzi lagun ingresatu zituzten atzo, eta orotara 76 daude erietxeratuta –aurreko astean baino 20 gutxiago–. Eta ZIUei erreparatuta ere, hobera egin du egoerak: 25 lagun daude –aurreko astean baino zortzi gutxiago eta aurreko egunean baino bost gutxiago–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak