- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Azken positiboak kontuan hartuta, intzidentzia-tasek gora egin dute bailaran. Batez ere aipatzekoa da Aretxabaletaren kasua, izan ere, gune berdetik horira igaro da azken orduetan. Gainera, positiboei dagokienez, atzeman diren hiru kasu berriekin, 800 kutsatuen langa gainditu du Aretxabaletak.
Bestetik, zenbatekoek gora egin dute Arrasaten eta Bergaran ere –nahiz eta kolorerik aldatu ez den– eta Oñatin, ostera, behera egin du tasak. Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAEko bilakaera, okerrera
Pandemiaren bilakaera aztertzeko erabiltzen diren adierazleek okerrera egin dute azken orduetan; batez ere, erkidegoko intzidentzia-tasak. 10,95 puntu igo da zenbatekoa eta 132,65ean kokatu da. Hona hemen lurraldeetako intzidentzien bilakaerak.
Bestalde, oinarrizko birsorkuntza datuak ere nabarmen egin du gora: 1,41ekoa da. Horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek beste lagun bat edo gehiago kutsatu zituela atzo, batez beste, eta hortaz, pandemia hedatu egin zela, beste egun batez.
Bestetik, atzo EAEn egindako 6.628 PCR eta antigeno probek 406 positibo atzeman zituzten; positibotasun-tasa % 6,1era igo da. Lurraldeka, Bizkaian 178 kasu baieztatu dira, Gipuzkoan 170, Araban 45 eta hamahiru izan dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandako kasuak.
Ospitaleei dagokienez, herenegun baino pertsona bat gehiago dago Zaintza Intentsiboetako Unitateetan; guztira, 33 lagun daude. Plantan berriz, 63 daude azken datuen arabera, eta atzo 26 izan ziren ingresatutakoak.
Nafarroako datuak, batzeke
Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak argitaratutakoan osatuko da albistea.