Uztaila iristeaz batera, abian dira berriro ere udaleku irekiak

Maialen Santos 2021ko uzt. 3a, 09:00
Elgetako udalekuetako haurrak, Asentzioko putzuan, eguazten goizean.

Osasun krisiaren testuinguruan antolatu dituzte aurtengo udaleku irekiak eskualdeko herri guztietan. Ia 1.800 haur eta 250 begirale arituko dira kalean datozen asteetan.

Iazko etenaldiaren ostean, ekin diete berriro ere udaleku irekiei. Debagoieneko herri guztietan izango da eskaintza, eta denera, eskualdeko ia 1.800 ume eta 250 hezitzailek hartuko dute parte. Herri batzuetan martxan dira dagoeneko, eta besteetan, datozen egunetan jarriko dira abian.

Herrietako udal eta elkarteetako ordezkariak, udalekuetako koordinatzaileak eta begiraleak bat datoz aurtengoek ahalegin berezia eskatu dutela esateko orduan. Izan ere, osasun krisiaren testuinguruan, lehen aldiz antolatu dituzte aurten udalekuak, iaz zaintza zerbitzuak eta beste izan ziren arren.

Gauzak horrela, baldintza batzuk beteta arituko dira datozen asteetan. Batetik, aurreko urteetan baino haur gutxiagok hartuko dute parte udalekuetan –edukiera mugen eraginez–, eta, hori gutxi balitz, haurrak gehienez ere hamar kideko burbuila-taldeetan mantenduko dituzte. Era berean, talde bakoitzak bere material propioa izango du, eta koordinatzaileek, hezitzaileek zein Lehen Hezkuntzatik gorako haurrek maskara erabili beharko dute une oro, baita eskuak sarri desinfektatu ere. Azkenik, haur bakoitzak bere hamarretakoa eta ur botila etxetik eraman beharko ditu.

Elgetan, hasten lehenak

Elgeta izan da udalekuei hasiera ematen lehena bailaran. Hain justu, joan den ekainaren 21az geroztik, 69 neska-mutiko ari dira parte-hartzen. Aldiz, hezitzaileak bederatzi dira, Nerea Villa koordinatzaileak esan duenez: "Jaurlaritzaren dekretuak markatutakoa betetzeko, Udalak handitu egin du hezitzaile taldea". Aurtengo gai ardatza euskal mitologia da, eta, hain zuzen ere, horri lotuta daude taldeen izenak; besteak beste, Galtzagorri, Mari eta Tartalo.

Nerea Villa, Elgetako udalekuak: "Ahalik eta ekintza gehienak aire zabalean egingo ditugu"

"Frontoi zaharra izango da sarrera-irteerak egiteko puntua. Talde bakoitzak markatuta izango du dagokion lekua", zehaztu du Villak. Ahalik eta ekintza gehienak "aire zabalean" egingo dituztela esan du: frontoi zaharrean, Maalan, ludotekako parkean, eliza ondoko parkean, San Roke ostean...

Joan den astetik martxan

Aurreko astelehenean, hilaren 28an, abiatu dituzte udalekuak Oñatin eta Bergaran, eta eguaztenean, aldiz, Antzuolan.

Oñatiko udaleku irekietan 400 haur eta 65 begirale inguru ari dira astelehena ezkero. Aurten bi eremu bereizi dituztela azaldu du Nerea Carmona koordinatzaileak: "Eltzia eta gaztelekua izango dira erreferentziazko gune zentralak, nahiz eta talde bakoitzak gainontzeko kideekin elkartzeko elkargune propioa izango duen; Eltzia edo gazteleku inguruko tokiren bat, alegia". Eta Maddi Txintxurreta koordinatzaileak gaineratu du aurten ere "auzoen aldeko apustua" egin dutela: "Iaz ere hala egin zen, eta positiboki baloratu genuen. Hainbat ibilaldiren bidez eta herribus zerbitzuaz baliatuta, herrigunean pilaketak ekidin eta herriko zenbait txokoz gozatzeko aukera izango dugu". Zenbait "ekintza berezi" berreskuratuko dituztela ere esan du Carmonak: "Uraren Eguna, igerilekura irteera eta zirku tailerra antolatu ditugu, eta, hori gutxi balitz, aurten iaz baino material gehiago erabiltzeko aukera izango dugu".

Nerea Carmona, Oñatiko udalekuak: "Zenbait ekintza berezi berreskuratuko ditugu aurten"

Bergarari dagokionez, Jardun Euskara Elkarteko kide Saioa Garitanoren hitzetan, 375 haur eta 50 begiralek hartuko dute parte aurtengo udalekuetan. Herri horretan ere adinka banatu dituzte taldeak, eta herriko hiru ikastetxeak izango dira erreferentziazko guneak. "Bergarako ikastetxeekin egin dugu lanketa, eta euren eraikinak utzi dizkigute haurrak elkartu eta eskoletako gelak erabili ahal izateko", zehaztu du.

Saioa Garitano, Bergarako udalekuak: "Beti gura izan dugu herriarekin eta herritarrekin harremanetan izan"

Osintxun eta Angiozarren ere talde bana izango da, gainera, eta denek egingo dituzte ekintzak aire zabalean: "Herriko espazio asko erabiltzen ditugu, beti gura izan dugu herriarekin eta herritarrekin harremanetan izan". Horretaz gain, kanpora irteerarik ez dute egingo; bai, ordea, egun-pasaren bat: "Bi maila ezberdin San Martzialera joango dira, egun pasa".

Zumaia Elkoro, Antzuolako udalekuak: "Azken jaia ere egingo dugu, uztailaren 15ean"

Adinaren araberako bi txanda egingo dituzte udalekuetarako Antzuolan, eta horietako bakoitzak astebete iraungo du. Denera 161 ume eta 20 hezitzaile arituko dira. Idolaz Aisialdi taldeko kide eta udalekuetako koordinatzaile Zumaia Elkorok azaldu du "herri osoan zehar" arituko direla egun horietan, eta ekintza berezi batzuk ere prestatu dituztela: besteak beste, ur-jolasak, zikin eguna, mendi irteera... "Azken jaia ere egingo dugu, uztailaren 15ean", iragarri du Elkorok.

Hasteko prest daude

Debagoieneko beste herri batzuetan astelehenean hasiko dituzte udalekuak; Aretxabaletan, kasu. 325 umek eman dute izena eta 37 begirale arituko direla adierazi du Udaleko Gazteria teknikari Maider Etxanizek. Julen Peralesek, Loratuko arduradunak, gehitu du aurten ezingo direla ume guztiak plazan elkartu, eta herriko hainbat eremutan banatuko dira. Esan duenez, talde batzuek erabaki dute gai jakin bat lantzea udaleku osoan zehar. "Urtero moduan, jaialditxo indibidualak egingo dituzte, taldeka, eta azken jai bat ere egingo dute, mailaka antolatuta", esan du.

Julen Perales, Aretxabaletako udalekuak: "Talde batzuek erabaki dute gai jakin bat lantzea udaleku osoan"

Eskoriatzan, bestetik, 150 ume inguru eta 21 begirale arituko dira, eta joan den urteko ordutegia luzatu egin dutela azaldu du Etxanizek: "Iaz baino ordubete gehiago izango da egunero, umeek ekintza gehiago egiteko aukera izan dezaten". Ekintzak, baina, beste urte batzuetan egin dituzten antzekoak izango dira; tartean, mendi irteerak, igerilekura irteera, herri kirolak...

Maider Etxaniz, Eskoriatzako udalekuak: "Iaz baino ordubete gehiago izango da egunero"

Horretaz gain, Arrasateko udalekuetan 200 haur arituko dira, 30 hezitzailez lagunduta. Txatxilipurdi Elkarteko kide eta udalekuetako koordinatzaile Iñaki Telleriak adierazi du herri horretan ere hiru topaleku izango dituztela: Jokin Zaitegi plaza, Arimazubi plaza, eta San Antolin eskola.

Gaineratu du euren filosofiari jarraiki antolatu dituztela udalekuak; alegia, haurren parte-hartzean oinarrituta: "Haurtzaroaren kulturan sinesten dugu; hau da, umeen gaitasun eta ahalmenei aitortza egin gura diegu, eta, horrenbestez, eurekin programatuko ditugu ekintzak".

Iñaki Telleria, Arrasateko udalekuak: "Umeen gaitasun eta ahalmenei aitortza egin gura diegu"

Leintz Gatzagan, berriz, udaleku irekietan izena eman duten hamar haurrak goizez zein arratsaldez arituko dira –egubakoitzetan salbu–, eta bi hezitzaile izango dituzte lagun, nahiz eta udalekuek hilaren 16ra arte soilik iraungo dute. Gurel Guraso Elkarteak adierazi du martitzenetan eta eguenetan irteerak egingo dituztela.

Aramaion, eguaztenean

Udalekuei ekiten azkenak izango dira aramaioarrak; datorren eguaztenean iritsiko zaie txanda.

Oihana Amezkua, Aramaioko udalekuak: "Otxandioko igerilekuetara egingo dugun irteera izango da ekintza bereziena"

Herrigunean zehar askotariko ekintzak egiten arituko dira hurrengo asteetan 100 haur eta hamabi begirale, eta aurtengo berritasuna izango da 2 urteko haurrek ere hartuko dutela parte udalekuetan, Oihana Amezkua Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez. Otxandioko igerilekuetara egingo duten irteera izango da egingo duten "ekintza bereziena".

Komunikazio udalekuak

Astelehenean hasiko da Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateak antolatu duten Komunikazio campusa, MUren Aretxabaletako Ikus-entzunezko komunikazioko campusean. Lehenengo edizio honetan, 7 lagunek hartuko dute parte, astelehenetik ostiralera, goizez. Aiora Mujika youtuberra, Ainhoa Vitoria Gazteako irrati esataria eta Xabier Urzelai Goienako kazetaria izango dituzte bidelagun, 16 eta 17 urte arteko gazteek.

Bestelako udalekuak ere badaude

Udaleku irekiez gain, bestelakoak ere egingo dituzte datozen asteetan bailaran. Honako hauek dira horietako batzuk:

Antzerki udalekuak

Arrasaten ari dira egiten lehen aldiz, eta 21 ume ari dira parte hartzen, Doke antzerki eskolako kideek gidatuta.

Kirol campusa

Bergaran ari dira egiten. 249 haurrekin hasi dute eta parte-hartzaileak hainbat joko eta kirol praktikatzen arituko dira.

Gazte udalekuak

Aramaion egingo dituze, eta hamabost nerabek hartuko dute parte. Musika izango dute ardatz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak