Zazpi positibo baieztatu dituzte Debagoienean

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko uzt. 1a, 13:34

Bina kasu atzeman dituzte Antzuolan eta Bergaran, eta, bana Aramaion, Aretxabaletan eta Arrasaten; guztira zazpi Debagoienean. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan okerrera egin dute datuek; aurreko egunean baino positibo gehiago atzeman dituzte, 388 guztira.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean

Azken asteko datuei erreparatuz, positibo berririk gabe mantendu dira gaur arte Aramaion eta Aretxabaletan. Arrasaten, aldiz, azken hiru egunetan izan dituzte kasu berriak (3, 2 eta 1), eta Bergaran azken bi egunetan (1 eta 2). Antzuolan ekainaren 27an egon zen positibo bat, eta atzo, 30ean, beste bi. Bestalde, Oñatin gaur positiborik egon ez bada ere, azken astean bi atzeman dituzte. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk jakinarazi.

Intzidentzia tasari dagokionez, ez da aldaketa nabarmenik egon eta koloreen sailkapenak berdin jarraitzen du.

>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Hego Euskal Herrian, goranzko joera

456 kutsatze berri baieztatu dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian; lurralde guztietan aurreko egunean baino positibo gehiago atzeman dituzte.

EAEN 7.516 test diagnostiko egin ziren atzo, eta, haietatik, 388 izan dira positiboak positiboak. Hala, positibotasun tasa %5,2ra igo da. Lurraldeka, 37 atzeman dituzte Araban, 178 Bizkaian, 165 Gipuzkoan eta 8 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean. Aurreko egunean, guztira, 303 izan ziren COVID-19 kasu berriak.

Positibo gehien gazteen artean atzeman dira, 19-39 adin tartean 217 kutsatze baieztatu dituzte. 90 kasu 0-19 urtekoen artean, eta, beste 63 kasu 40-64 artean.

EAEko Osasun Sailak emandako datuen arabera, intzidentzia tasek ere gora egin dute, hala, bederatzi puntu igo da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua eta 121,70ean kokatzen da. Halaber, 65 urtetik gorakoei dagokionean ere 2,23 puntu egin du gora, balioa 24,68 delarik. Oinarrizko birsorkuntza edo R0 datuak ere gora egin du; 1,32an kokatzen da orain, atzo baino 0,15 handiagoa da zifra. Honenbestez, azken egunetako goranzko tendentziak jarraitu egiten du. Datua esanguratsua da, izan ere, azkenekoz, 2020 abuztuan heldu zen R0 indizea 1,32ra, ondorengo grafikoan ikus daitezkeen moduan.

Osasun Sailaren buletineko grafikoa.

ZIUetan ingresatutako pertsona kopurua izan da jaitsi den zifra bakarra, aurreko egunean baino lagun bat gutxiago dago ingresatuta. Azken datuen arabera, 32 lagun dira ZIUetan daudenak eta 20 solairuetan EAEko ospitaletan.

Nafarroan ere goranzko joera nabarmena da azken astean. 68 kasu berri baieztatu dituzte; duela astebete 40 ziren, eta duela bi 46. 1.418 test egin dituzte azken egunean eta positibotasun tasa %4,8an kokatzen da.

22 pertsona dira COVID1-9aren eraginez ospitaleratuta daudenak Nafarroan, horietako zazpi ZIUetan. Hamalau paziente, solairuan daude eta pertsona bat etxeko ospitalizazioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak