Euskal unibertsitateetako 40 ikertzaile batu dira Arantzazulab-eko ikerketa elkargunean

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 30a, 15:23

Arantzazulab-en ikerketa markoa elkarlanean diseinatzeko lan saioa egin dute gaur, Mondragon Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileekin. Lankidetzaren helburua, besteak beste, gizarteko erronka nagusien inguruan eztabaidatzea izango da.

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren hitzetan, Arantzazulab ez da "ohiko ikerketa zentro" bat; hortaz, ikerketa egiteko beste modu bat bilatzea izan da apustua: "Herri bezala ditugun gizarte erronken inguruan sakontzeko, behar dugun ezagutza geureganatzeko eta gizartera zabaltzeko elkargunea sortu dugu".

Horren haritik, ikerketan lehiatu baino, eragile ezberdinen indarrak batzea eta "kolaborazio espazioa" sortzea da Arantzazulab-en proposamena, hiru unibertsitateak batuz: "Mota honetako elkarlana ez da ohikoena esparru akademikoan, –unibertsitateak lehiakide dira eremu askotan– eta Arantzazulab-ek jarritako markoa berezia da zentzu horretan ere".

Gainera, azaldu dutenez, ikerketa egiteko modu honek nazioarteko ikerketekin eta ezagutzarekin "konektatzeko" ere balioko du, eta baita herri bezala "nazioartean kokatzeko" ere.

Diziplina ugari, erronka berei erantzuteko

Gaurko lan saioan, soziologia, ekonomia, zuzenbidea, komunikazioa, ingeniaritza, filosofia, hezkuntza edo psikologia bezalako eremuetan adituak diren ikertzaileak elkartu dira. "Egungo gizarte erronkek esparru ezberdinetatik datozen ezagutzak konbinatzea eskatzen dute", esan dute egitasmoaren sustatzaileek.

Hala, gaineratu dute datozen urteetarako ikerketa plangintza zehaztea dela hurrengo urratsa, eta bide horretan, Arantzazulab-ek gidatuko dituela unibertsitateak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak