- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei dagokienez, behera egin dute zenbatekoek Oñatin eta Bergaran, eta zertxobait egin du gora Arrasateko tasak. Halere, maparen koloreak ez dira aldatu.
Herri guztietako datuak daude hurrengo mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAEn, 174 positibo
Bigarren egunez jarraian, gora egin du erkidegoko intzidentzia-tasa metatuak (+1,45) eta 105,65koa da momentu honetan duen tasa. Lurraldeetako bilakaerari erreparatuta, Arabako zenbatekoak behera egin badu ere, Gipuzkoak kontrako joera hartu du:
Positibo berriei dagokienez, Hego Euskal Herrian egindako 8.040 probatatik % 2,6k eman du emaitza positiboa EAEn eta % 3k Nafarroan; hots, 215 herritarrek. 83 izan dira Bizkaian erregistratutako kasuak, 63 Gipuzkoakoak, 41 Nafarroakoak, 22 Arabakoak eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Bestalde EAEko oinarrizko birsorkuntza datua 1,08an mantendu da.
EAEko ospitaleetan, berriz, hiru lagun gutxiago daude ZIUn ingresatuta, baina aurreko egunean baino 24 gehiago dira plantan ospitaleratuta daudenak. Hala, guztira 96 pertsona daude ospitaleratuta (64 plantan eta 32 ZIUn), eta atzo 25 lagun ingresatu zituzten. Nafarroako erietxeetan, hiru ospitaleratze erregistratu dira azken orduetan, eta guztira, 22 lagun daude ingresatuta; horietatik zazpi, ZIUn.