Mobilizazioak egingo dira gaur, LGBTIQ+ harrotasuna aldarrikatzeko

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 28a, 10:04

Stonewalleko gertakarietatik 52 urte igaro diren honetan, bailarako eragile eta erakundeek LGTB kolektiboaren aldeko eskubideak aldarrikatuko dituzte. Mobilizazioak eta kale-apainketak egingo dira eskualdean, besteak beste.

1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall LGTB kolektiboaren tabernan, poliziak sarekada egin zuen eta gogor jazarri zituen bertan zeuden bezeroak. Horiek, baina, aurre egin zioten erasoari eta matxinada piztu zen. Gertakari hura erresistentzia homosexual eta transexualaren abiapuntua izan zela esaten da, kolektiboaren eskubideen aldeko borrokan.

Eta Euskal Herrira etorrira, hamar urteren ostean, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa Maria (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabestia izateagatik. Euskal Herrian urte horretako ekainaren 28an hartu ziren kaleak lehenengo aldiz, kolektiboaren eskubideak eta sexualitate askea aldarrikatzeko.

Gaur, hainbat ekimen bailaran

Pikarraituz Aretxabaletako talde feministak mobilizazioa deitu du Harrotasunetik sistema irauli leloarekin; 18:00etan abiatuko dira Herriko Plazatik.  Aretxabaletako Udalak eta Mugimendu Feministak, ostera, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan.

Bestetik, Oñatin, topa heterodisidentea egingo dute Antixena gaztetxean 18:30ean, eta ondoren, herria apaintzeko deia luzatu dute. Transmaribibollo+ indarra, heteroarauakin apurketako! da aurtengo leloa.

Arrasaten, Morbor Arrasatek deituta, kontzentrazioa egingo da 19:00etan, Maiatzaren 1a plazan. "Nor zaren aukeratu duzu?", galdera egin dute hausnarketa sortzeko asmoz.

Udalek, manifestuak

"Konpromisoa" izan da Bergarako udalak gaurko egunean azpimarratu nahi izan duena: "Krisi-une honetan, inoiz baino gehiago konprometitu behar gara, konpromisorik gabeko adierazpen hutsak baztertuz". Bestetik, gehitu du erakundeetatik pertsona guztientzako eskubideak bermatzeko erantzukizuna dutela, eta "bereziki" zaindu behar direla kolektibo zaurgarrienen eskubideak. "Aitzakiarik gabe, politika eraldatzaileak eta baliabideak bermatu behar ditugu, gure udalerri eta herrialdeetako LGTBI pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzuteko: krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte-eredurantz transitatzeko aukera emango diguten politika emantzipatzaileak, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko", azaldu dute.

Arrasateko Udalak ere argitaratu du berea. "Arrasateko Udalean ordezkatuta gauden alderdiok dibertsitatea balorean jarri eta garen horiizateko nahiz desiratzeko harrotasunaren aldarrikapenarekin bat egiten dugu", dio, eta beste urte batez, "aniztasunetik abiatuta", eskubideak eta bizikidetza aldarrikatuko dituztela azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak