Pablo Irizar: "Uste baino azkarrago gidatzeko gai naiz oraindik"

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 25a, 20:00

Pablo Irizar, Los Arcosko zirkuituan azalpenak ematen, lehenengo lasterketan. Argazkia: @alacopacooper

Pablo Irizarrek (Gabiria, 1961) aitortzen duen moduan, duela hamabost egun ostera ere "debutatzea" tokatu zitzaion Nafarroako Los Arcosko zirkuituan. Autozale gazteenek ez dute ezagutuko, baina Bergaran bizi den pilotua 90eko hamarkadan erreferente izan zen Citroen AX, ZX eta Renault Clio txapelketetan. 24 urte geroago, Mini Cooper Kopan parte hartzeko aukerari baietz esan dio, inolako zalantza barik, eta asteburuan Chesten (Valentzia) izango du egutegiko bigarren lasterketa. 

24 urte zirkuituetatik urrunduta egon eta gero, zelan sortu zaizu ostera ere lasterketetako auto baten esertzeko aukera?

Rafa Valdes taldekideari esker izan dut aukera hau. Rafaren deia jaso nuen esanez ea irakatsiko nion zirkuituetan azkarrago joaten, esperientziadun pilotu baten laguntza nahi zuela. Eta noski, nik baiezkoa eman nion, horrek aukera emango zidalako, besteak beste, ostera ere Jaraman itzuli batzuk emateko. Los Arcosen eta Jaraman ibili ginen entrenamendu saio batzuk egiten, eta ondoren egin zidan taldea osatzeko proposamena, Mini Cooper Kopan bi pilotu behar dira-eta auto bakoitzeko. Emaztearekin komentatu nuen gaia, eta hark ere animatu egin ninduen, aukera aprobetxatzeko, ez dudalako halakorik ostera ere izango. 

Izan ere, halako txapelketa baten esku hartzea ez da batere merkea...

Zorionez, Rafak enpresaren babesletza dauka, eta horri esker ari gara Kopan esku hartzen; bestela, langile soil batendako dirutza da. Pentsa, Kopan esku hartzeko autoa erosi beharra dago eta 30.000 euro dira auto bakoitzeko. Lurautok 30 auto saldu ditu, eurak dira prestatzaile ofizialak, eta ondoren, zirkuitu bakoitzeko gastuak datoz. Oso garestia da; horregatik da oso aukera polita.

Esan duzu ostera debutatu izanaren sentsazioa daukazula. Eta deskuidatuz gero, gaztetan baino ilusio handiagoarekin.

Bueno, ez pentsa, gaztetan ere sekulako ilusioarekin ibiltzen ginen. Ni 26 urterekin hasi nintzen lasterketetan, ordurako nahiko nagusia nintzen. Gaur egun, gazteak 16 urterekin hasten dira; pentsa, Isidro Callejas madrildarra 16 urterekin igo da Europako Txapelketako podiumera.

Los Arcosen Mini Cooper estreinatu berriarekin. Argazkia: @lacopacooper

Valentziako Chesten duzue asteburuan bigarren lasterketa.

Bai, eta hor ere ondo egiten dugu bat Rafak eta biok. Izan ere, autoak kamioian eramateko laguntza behar zuen, ez zituen nahikoa ordu bidaia Valentziaraino jarraian egin ahal izateko, baina ni ere kamioian ibiltzen naizenez, bion artean egingo dugu bidaia.

Eta zer moduz joan zen Los Arcosko lehenengo lasterketa?

Oso ondo, pozik amaitu nuen. Hasteko, deigarria egin zitzaidan lasterketa aurretik ze lasai nengoen; gaztetan urduriago egoten nintzen. Hain justu, gure lasterketaren aurretik istripu bat gertatu zen zirkuituan eta ordu erdiz auto barruan egon behar izan genuen geldirik. Semea neukan nire pultsua zaintzen eta esaten zidan oso lasai nengoela, eta egia zen. Lehenengo lasterketan laugarren irten nintzen eta hirugarrenarekin borrokan ibili nintzen. Baina probaren bigarren zatian behera egin nuen apur bat eta seigarren amaitu nuen. Bigarren lasterketan, berriz, hobeto ibili nintzen eta pozik geratu nintzen erritmoa baneukala ikusita.

Aitortu didazu Rafak proposamena egin zizunean zalantzak izan zenituela, ez zenekiela azkarra izaten jarraituko zenuen ala ez.

Izan ere, jendea oso azkar ibiltzen da zirkuituetan, eta 24 urte asko dira lasterketetan lehiatu barik. Azkenekoz 1997an izan nintzen pilotu moduan lehian, Citroen ZX Kopan izan zen, eta ordutik denbora asko pasa da. Eta ikusi dut oraindik sasoian nagoela.

Segituan uxatu zenituen zalantza horiek.

Baietz esan daiteke. Kuriosoa da, uste nuen bihurgune bizkorretan galduko nuela gehiago, errespetua ematen dutelako, baina ez, bihurgune moteletan igarri dut gehiago azken urteotan ibili ez izana. Lehen ere, lasterketa baten ondoren egindako lanaren analisia egiten nuen, zer egin nuen ondo, zer txarto, non izan nintekeen azkarragoa... Eta orain, berdin jarraitzen dut. Chesten aurrerago ibil naitekeela uste dut.

Zelakoa da lasterketa asteburu bat?

Zapatu goizetan 40 minutuko bi entrenamendu txanda libre izaten ditugu. Eta zapatu eguerdietan entrenamendu ofizialak izaten ditugu, pilotu bakoitzak 20 minutuko txanda bana izaten du. Eta lasterketa eguna domeka da. Ordubeteko bi lasterketa izaten dira, baina pilotuok txandakatu egin behar izaten dugu.

Auto guztiek ezaugarri berberak izanda, pilotuaren 'eskua' igarri egingo da.

Bai, igartzen da, noski. Oso txapelketa polita da, autoak berdin-berdinak dira, auto guztiek dituzte 180 zaldi eta borroka etengabea izaten da. Egia da zenbait pilotu rookie-ak direla, hasiberriak, eta errespetu handia egoten da zirkuituan, ez dira txapa istripuak eta halakoak gertatzen.

Irizar, 90eko hamarkada hasieran, Citroen AXarekin.

Badu zuen garaiko lasterketekin antzekotasunik?

Bai, nahiko antzerakoa da. Auto haiek azkarragoak ziren, arinagoak, baina auto lasterketak dira, azken batean. Askoz ere berdintasun handiagoa zegoen. Gogoan dut Jaraman ZX Kopako proba bateko entrenamendu txandan bi dezima barruan hamabi pilotu sartu ginela. Pentsa gero lasterketa zelakoa izan zen... Oso lasterketa gogorrak izaten ziren. Egia da orduko ZX Mini autoa baino arinagoa eta azkarragoa zela. Citroen autoa ez zen iristen 900 kilora, eta Mini Cooper autoak mila kilo baino gehiago ditu. Jaraman 1.45eko denbora egiten genuen ZX autoarekin, eta orain, Mini autoarekin 1.53ren bueltan gabiltza.

La Torre babesle nagusiarekin, Citroen ZX eta Renault Clio-arekin. Bi txapelketan irabazi zituen.

Bitxia da, sasoi hartan eskualdeko pilotu asko izan zineten lasterketetan lehian.

Eta inguruan ez genuen zirkuiturik! Martin Egañak izan zuen guri lasterketetako harra sartzearen errua. 1987an Renault 5 Copa Turbo ikusgarri bat zuen kalean ibiltzeko, eta hura saldu eta lasterketetako Renault Super 5 bat ekarri zuen. Eta zirkuituetara lagunduko niola esan nion nik. Bada, bera izan zen gerokoei bidea ireki ziguna. Ondoren etorri ziren Jon Casais, Iban Rodriguez, Juan Antonio Egaña, Nire anaia Juanra ere hasi zen, Arrasateko Jon Garagorri, Legazpiko Mostajo... Inguruko kuadrilla polita batzen ginen sasoi hartan, bai. Orduko Espainiako telebistak lasterketak eskaintzen zituenean, esatariak beti nabarmentzen zuen: "Hiru gipuzkoar izan dira aurrean, eta Euskadin ez dute zirkuiturik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak