Egoera epidemiologikoak hobera egin duela-eta, Labiren Aholku Batzordeak orain arte indarrean egon den dekretua moldatzea eta neurri malguagoak ezartzea erabaki zuen joan den asteko egubakoitzeko bileraren ostean. Dekretua argitaratuta, zapatua ezkero dira neurri berriak indarrean.
Berritasunetako bat da urriaz geroztik itxita dauden elkarte gastronomikoak eta txokoak berriro irekitzeko baimena eman duela Labik, baldintza jakin batzuekin ireki ahal izango badute ere. Zehazki, 09:00etatik 02:00etara egon ahal izango dira zabalik, eta ostalaritzako irizpide berberak jarraitu beharko dituzte; alegia, %50eko edukiera bete ahal izango dute, gehienez ere, eta mahai bakoitzeko sei pertsona batu ahal izango dira. Zutik edota barran ezingo da kontsumitu, eta, espazio itxi guztietan legez, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da –salbuespena izanik jateko edo edateko momentua–. Azkenik, elkarte eta txokoak etengabe aireztatuta egon behar direla ere ohartarazi zuen Labik.
Prestaketa lanek, "ahalegina"
Debagoienera etorrita, herrietako elkarte gastronomiko askok ireki dituzte ateak dagoeneko. Arrasateko Danok Bat elkarteko presidente Jose Mari Balzategi, Aramaioko Gantzaga auzoko Izpizte elkarteko presidente Ainara Inuntziaga eta Bergarako Gure Ametsako presidente Andoni Urzelai Labiren erabakia jakin berritan hasi ziren norbere elkartean lanean, eta azaldu dute "prestaketa lan dezente" egin behar izan dituztela zuzendaritza batzordeko kideek, "horrek eskatzen duen ahalegina eginda". Hain zuzen, inbentarioa izan da egin behar izan duten lehena; izan ere, azken hilabeteetan almazenetan geratutako produktu asko iraungi egin dira dagoeneko, nahiz eta azaldu duten saiatu direla galdu aurretik aprobetxatzen; esaterako, bazkideei prezio merkean erosteko aukera emanez. Eskaera berriak ere egin behar izan dituzte elkarte askotan, eta, hori ez ezik, garbiketa lanak ere egin behar izan dituzte ireki aurretik. Azkenik, COVID-19ari lotutako protokoloa prestatzea ere egokitu zaie arduradunei.
Hirurek uste dute elkarteak "jendearen topaleku" direla, eta pozgarria dela berriro ere elkartu ahal izango direla jakitea: "Azken asteetan, jendea elkarteetara itzultzeko gogoz sumatu dugu, askok galdetu digute noiz ireki ahal izango ote genuen". Edozein modutan ere, edukiera kontrolatzea eta segurtasun neurriak betetzea "ezinbestekotzat" jotzen dute presidenteek, eta ohartarazi dute bazkide bakoitzaren ardura izango dela neurriak egoki betetzen direla ziurtatzea.
Jarduerak ere 02:00ak arte
Neurriak malgutzearen eraginez establezimenduek denbora gehiago eman ahalko dute zabalik, 00:00etan beharrean 02:00etan itxi ahal izango baitute; eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu horretarako eten beharko dute. Kasu horietan, edukiera %60ekoa izan daiteke, gehienera jota ere. Taberna eta jatetxeak ere ordu berera arte egon ahalko dira zabalik, eta mahai bakoitzean sei pertsona egon ahalko dira –lehen, laukoa zen muga–. Kasu horretan, baina, barneko edukiera %50ean mantendu dute eta debekatuta jarraitzen du zutik edota barran kontsumitzeak. III. eta IV. taldeetan sailkatutako gaueko aisialdiko establezimenduek, aldiz, itxita jarraitzen dute; eta I. eta II. taldeetan sailkatutakoek ostalaritzaren neurri orokorrak bete behar dituzte.
Espazio handietan, 1.600 pertsonatik beherakoetan, barruan 600 pertsona elkartu ahal dira, gehienez ere, eta kanpoan 800. Aldiz, 1.600 eta 5.000 pertsona arteko espazioetan, barruan 800 lagun egoteko aukera dago, gehienez, eta kanpoan, ostera, 1.200. Azkenik, 5.000 pertsona baino gehiagoko esparruetan gehienezko edukiera ezin da %30 baino handiagoa izan.
Zein baldintzatan ireki duzue elkartea?
Jose Mari Balzategi, Arrasateko Danok Bat elkarteko presidentea
"Eguaztenean, San Juan bezperan ireki genuen elkartea eta lehen egunean bazkide batzuk animatu ziren afaltzera. Labiren erabakia jakin berritan, zapatuan hasi ginen irekiera prestatzen; inbentarioa egin behar izan genuen, eta beharrezko produktu guztiak eskatu. Hori gutxi balitz, garbiketa berezia egin dugu ateak zabaldu aurretik. Irekitzeko gogoa banuen; izan ere, elkartea jendearen topaleku izaten da. Halere, edukiera murriztuta, 50 lagun elkartu gaitezke, gehienez. Bestetik, aipatzekoa da bazkide bakoitzak duela segurtasun neurriak betetzeko ardura. Protokolo bat prestatu dugu ezohiko egoera honetarako".
Ainara Inuntziaga, Aramaioko Izpizte elkarteko presidentea
"Gantzaga auzoko Izpizte elkartea zapatuan ireki genuen. Hilabete asko eman ditugu elkartera joan barik, eta bazkide asko noiz ireki ahal izango genuen galdezka izan ditut; itzultzeko irrikaz, alegia. Nik, pertsonalki, oraindik ez dut otordurik egin elkartean, baina badakit hainbatek domeka aprobetxatu zutela bazkaria egiteko, eta astean zehar ere izan dira erreserbak. Produktuei dagokienez, ez dugu gehiago eskatu behar izan; dugunarekin egingo dugu aurrera, momentuz. Datozen asteetan jendea gehiago etortzen hasiko dela aurreikusten dut; izan ere, uda sasoian karta-jokoan aritzera etortzen dira erretiratu asko, arratsaldeetan".
Andoni Urzelai, Bergarako Gure Ametsa elkarteko presidentea
"Astelehenean ireki genuen elkartea; izan ere, denbora asko eman dugu itxita eta aurrez lan batzuk egin behar izan ditugu. Zuzendaritza batzordeko kideak aritu gara dena prestatzen, berriro zabaldu ahal izateko. Esango nuke ohitu egin garela elkartea itxita egotera, eta orain ahalegina eskatzen du berriro dena martxan jartzeak. Edozelan ere, jendea itzultzeko oso gogotsu sumatzen dut, baina edukiera mugekin 25 lagun elkar gaitezke, gehienez ere. Esan behar da aprobetxatzeko moduan zeuden produktuak bazkideei eskaini dizkiegula, prezio merkeagoan, gal ez zitezen. Hala, produktu berriak ekartzeko eskaerak egin ditugu".