Bihartik aurrera, maskarak non eta nola?

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 25a, 10:34

Gurean, iazko uztailaren 16tik da nahitaezkoa aire zabalean maskara erabiltzea, baina bihar, hilak 26, baldintza batzuk betetzen badira behintzat, aukera egongo da musukoak kentzeko.

Non eta zein baldintzatan kendu ahalko dira maskarak? Arau orokorrak dio aire zabalean kendu ahalko direla, betiere, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia errespetatzen bada. Halere, badaude salbuespen eta xehetasun batzuk.

Adinekoen egoitzei dagokienez, egoiliarren % 80 gutxienez txertatuta egonez gero, ez dute maskara nahitaez erabili beharko. Langileek eta bisitariek, ordea, beti eraman beharko dute jarrita.

Bestetik, antzeko araua ezarri da funtsezko langileentzat (osasun langileak, irakasleak, suhiltzaileak, polizia…). Plantillaren %80 txertatuta badago, aukerazkoa izango da maskara erabiltzea.

Aire zabaleko kontzertu eta ikuskizunak ere maskararik gabe ikusteko aukera egongo da, baina ikusleak jarrita eta distantziak errespetatzen badaude bakarrik.

Maskararekin jarraitu beharko da:

-Aire zabalean egonda ere, metro eta erdiko segurtasun tartea gorde ezin bada.

- Aglomerazioak atzematen direnean.

- Aire zabalean eta zutik egiten diren ekitaldi jendetsuetan.

- Orain arte bezala, erabilera publikoko eremu itxietan (dendak, farmaziak, zinemak…)

- Garraio publikoan, geltokiak eta nasak barne.

- Ibilgailu pribatuetan, bizikideak ez direnekin bidaiatuz gero.

- Jarrita ez bada ere, nahitaez eraman beharko da maskara bat aldean, egoerak hala eskatzen badu jartzeko.

Maskara gardenak, erretiratuta

Eusko Jaurlaritzak aginduta, Kontsumobide institutuak merkatutik kendu ditu maskara gardenak eta sare gisakoak, COVID-19aren aurkako araudia "urratzen dutelako". Maskara horien eraginkortasuna neurtu dute, eta emaitzen arabera, ez dira %27,5etik gorako babes mailara iristen –%95eko filtrazio maila komeni denean–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak