Fran Apezetxea: "Inguruko eragileekin elkarlanean jardungo dugu"

Maider Arregi 2021ko eka. 26a, 09:00

Ekainaren 1az geroztik irekita dago Arantzazuko aterpetxea. Suspertu enpresak kudeatuko du aurrerantzean eta gizarteratzea eta enpleguak sortzea ditu helburu. Fran Apezetxea da aterpetxeko koordinatzailea.

Ateak ireki berri, zein da hasiera batean jasotako inpresioa?

Pixkanaka, instalazioa gure egiten hasiak gara eta ilusio ikaragarria daukagu. Uda heldu da, eta banakako nahiz talde erreserbak eta baita ere familiako eskaerak hasi gara jasotzen. Uztaileren 1etik aurrera egunero irekiko dugu harrera zerbitzua, 13:00etatik 19:00etara bitartean. Mugimendu gehiago igarriko dugula uste dugu.

Gizarte taldea zaretela diozu.

Halaxe da. Enplegua sortzea eta inguruko eragileekin lan egitea dugu xede. Suspertu da enpresaren izena, eta laneratzeko helburua du. Hau da, laneratzeko zailtasuna dutenei laguntza ematea eta elkarrekin lan egitea dugu helburu. Adibidez, egoera zaurgarrian dauden emakumeei edo epe luzez langabe daudenei lana ematea; ondoren, irakasteko eta aurrera egiteko bidea elkarrekin egiteko.

Ateri sarea sortu zenuten enplegua sortzeko.

Aipatu ditudan helburuak betetzeko orain dela hamabost urte sortu genuen Ateri sarea. Aterpetxeen eta egoitzen sarea da, eta alojamenduak eta zerbitzu turistikoak kudeatzen ditugu: Bilbon, Lekeition, Arraten... Hamabi, guztira. Hirugarren sektoreko ekimen bat gara eta gure helburua ez da etekin ekonomikoa ateratzea, enplegua sortzea baizik.

Esperientzia handia duzue alor honetan.

Egia esan, bai. Baina esan beharra daukat pandemiaren ondorioz gure egoera ere okertu egin dela. 2020ko martxoan 100 langile inguru ginen, eta orain 70 gara. Aurrera ateratzeko proiektu berriak sortu behar dugula argi dugu, eta Gipuzkoan garatu nahi dugu.

Sinergiak aprobetxatuta hainbat sektorerekin elkarlanean jardutea asmoa duzue.

Gure lanaren mamia hori da. Leku batera iritsi, inguruko eragileak ezagutu eta haiekin lan egitea. Kasu honetan, Arantzazuko Parketxearekin harreman oso ona daukagu eta hezkuntza programa bat ere sortu dugu. Arantzazu Lab-en laguntza nabarmena izan dugu, eta haiekin lanean jarduteko asmoa dugu. Oraindik denborarik ez dugu izan inguruko eragileekin egoteko, baina asmoa badaukagu. Ezagutu, konfiantza sortu eta denon onurarako gauzak sortu eta ondoren elkarrekin adostea da gure prozesura.

Elkarlanean zerbitzuak eskaintzea, beraz.

Hori da. Aterpetxeak taldeak erakarri nahi ditu enplegu egonkorrak sortzeko. Horregatik, heziketa zentroak erakartzeko jada sortu dugu plan bat Parketxearekin. Bestetik, familia edo talde bat etortzen bada, hemengo ostalaritzaren eskaintza ere ezagutaraziko genioke. Izan ere, taldeka lan egin gura dugu, nahiz eta banaka eta familiak ere etorriko diren.

Zenbat lagunendako lo-lekua dago?

Sei logela ditugu: lau, hamabi pertsonarendako; eta bi, lau lagunendako. Azken hauek familiei bideratutakoak dira. Horrez gain, egongela eta jantoki handia ditugu. Baita sukalde libre bat ere. Baina, 56 lagunendako lekua egon arren aterpetxean, COVID-19aren osasun protokoloei jarraiki, 28 lagunendako lekua dugu, oraingoz.

Erreserba egiteko aukera beraz, zabalik.

Informazioa eta erreserbak, www.arantzazuaterpetxea.com helbidean. Bestela, mezua arantzazu@ateri.net-era bidali edo telefonoz deitu dezakete aurre-erreserba egin gura dutenek: 943 78 05 00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak