- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Gaur argitaratu du Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa, eta bailarako zenbateko metatuetan doikuntzak egin ditu. Zehazki, Aretxabaletako zenbateko metatuan izan dira dira gorabeherak (-1): pandemian 797 aretxabaletar kutsatu dira.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, antzera mantendu dira zenbatekoak, eta koloreak ere ez dira aldatu. Datu guztiak daude eguneratuta, hurrengo mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Hiru lagun zendu dira EAEn
Azken astean, ekainaren 14tik ekainaren 20ra, hiru izan dira gaitzaren eraginez EAEn hildakoak –aurreko astean baino sei gutxiago–. Hala, guztira, 5.587 pertsona dira pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian zendu direnak (4.395 EAEn eta 1.192 Nafarroan).
Eskualdera etorrita, ez da heriotzarik erregistratu aste honetan. Datu orokorrari erreparatuta, 170 debagoiendar hil dira iazko martxotik hona, eta herrietako datuak goiko mapan daude.
Birsorkuntza datuak, gora
Azken orduetan, 0,97ra igo da oinarriko birsorkuntza datua (R0) EAEn. Datu horrek adierazten du kutsatuta dagoen pertsona bakoitzak zenbat lagun kutsa ditzakeen batez beste. 1,00etik beherakoa bada, pandemia hedatzen ari ez dela ondoriozta daiteke, baina mugara gerturatzen ari da zenbatekoa:
Hego Euskal Herriko positibo berriei dagokienez, atzo 8.462 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta % 2,8k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta % 3,6k Nafarroan; 187 kasu baieztatu ziren, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, 77 izan ziren Bizkaian hautemandako kasuak, 70 Gipuzkoakoak, 59 Nafarroakoak, 36 Arabakoak eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.
Bestalde, EAEko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du (hiru puntu jaitsi da), baina lurraldeei erreparatuta, Araban gora egin du:
EAEko ospitaleetan, ZIUetako okupazioak behera egiten jarraitzen du: 40 lagun daude –herenegun baino bost gutxiago eta duela astebete baino hamalau gutxiago–. Baina plantako okupazioak gora egin du: bi lagun gehiago daude. Guztira, 108 lagun daude EAEko erietxeetan –duela astebete baino 30 gutxiago–, eta atzo ingresatutakoak hemezortzi izan ziren. Nafarroan, berriz, 27 lagun daude ingresatuta eta horietatik zortzi daude ZIUn.