Gaur adostuko dira aire librean maskara kentzeko baldintzak

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 23a, 12:10

Dagoeneko Osasun agintariek aurreratu dute aire librean egonda ere, pertsonen arteko distantzia bermatu ezin bada, maskarak erabili beharko direla. Jonan Fernandez LABIko Batzorde Teknikoko koordinatzaileak esaterako, "egoera askotan" erabili beharko dela azpimarratu du.

Erkidegoek eta Osasun Ministerioak gaur arratsaldean erabakiko dute zein kasutan kendu ahalko diren maskarak. Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak esan duenez, "baldintza jakin batzuetan" kendu ahalko dira; hots, jende pilaketak egonez gero edo pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatu ezin bada, maskarak jarrita izan beharko ditugu.

Adituen gomendioa, zuhurtziaz jokatzea

Hainbat adituk –esaterako, Deborah Garcia kimikari eta zientzia dibulgatzaileak– egoera hau baliatu dute herritarrei gomendioak emateko. Kanpoaldean maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango ez bada ere, adierazi dute komenigarria dela "beti maskara garbi bat poltsikoan eramatea". Horri jarraituz, hamar arrazoi eman dituzte maskarak aldean eramateko.

  1. Maskara beharko da leku itxitan sartzeko (supermerkatua, dendak, tabernak, banketxea…).
  2. Biztanle asko dituen herri edo hirietan biziz gero, litekeena da kale batzuk "gainezka egotea", eta segurtasun-tartea bermatu ezin bada, maskara erabili beharko da.
  3. Terraza batean bizikidetza-burbuilakoak ez diren pertsonekin egonez gero, maskara jartzea komeni da, segurtasun-distantziarik ez badago.
  4. Inguruan alkohola kontsumitzen ari diren pertsonak badaude, haien arriskuaren pertzepzioa aldatuta egon daiteke. Hala, norbaitek segurtasun-distantzia beteteko ez balu ere, hobe maskara jarrita edukitzea.
  5. Maskarak ez dira bakarrik garbitzen ezta desinfektatzen; aldatu behar bestetan (lau ordutara higienikoak eta kirurgikoak, zortzi ordutara FFP2 motakoak); izan ere maskarak izerdiz, listuz eta azalean bizi diren mikroorganismoz bustitzen dira.
  6. Eraman maskarak modu higienikoan (poltsikoan tolestuta egon gabe; deformatu, hautsi edo zikindu egin daitezkeelako). Sartu poltsa batean edo paper garbiko gutun-azal batean.
  7. Ondoeza sentitzen baduzu, jarri berehala maskara kanpoan ere, harik eta bakartu eta proba diagnostiko bat egin arte.
  8. Ez eman musurik edo besarkadarik zure bizikidetza-burbuilatik kanpoko pertsonei. Maskararik ez baduzue, distantzia da zuen babes-hesia.
  9. Txertatuta egonda ere, maskara eramaten jarraitu. Eta gogoratu, txertaketa-pauta osoa jaso eta bi astera iristen dela gehieneko immunitatea.
  10. Errespetatu kalean maskara eramaten jarraitu nahi duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak