"Hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz», adierazi du gaur goizean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Donostiako Kursaalen Batuz aldatu aurkezteko egin duten ekitaldian.
Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala da Batuz aldatu, eta esparru askotariko 99 eragileren atxikimendua jaso du adostasun hori jasotzen duen dokumentuak. Horien artean daude, besteak beste, Goiena Komunikazio taldea kide den Tokikom, Emun Kooperatiba, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Telesforo Monzon eLab.
Euskararen erabilera erosorako baldintzak
Eragileetako ordezkariek azaldu dutenez hizkuntzarena gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza-praktikak eta -hautuak. Hori horrela, proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu dituzte: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera, normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Gaineratu dute, hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela.
Helburu nagusia euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea izanda, horretara iristeko hizkuntza-politikek hartu beharreko norabideak ere azaldu dituzte. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko dela adierazi dute, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko direla adierazi dute, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.
Aurrera begirako erronkak
Paul Bilbaok, era berean, izaera, helburu eta lan eremu anitzak jomuga berdinera begira elkarlanean jarri izana goraipatu nahi izan du: "Jakin izan dugu elkarrekin etorkizuna eta helmugatzat jotzen dugun agertokia irudikatzen, gure bidearen helmuga zehazten, bai eta horra iristeko norabideak definitzen ere".
Kontseiluko idazkari nagusiak aurrera begirako erronken berri ere eman du. Horietako bat adostutako dokumentua eragile gehiagotara iristea dela esan du. Beste bat, arloz arlo zehaztea non dauden hizkuntza-politikaren beharrak: "Goazen arloz arlo – hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan, eremu sozioekonomikoan…– hizkuntza-politiketan eragiteko lehentasunak definitzera, adostera… eta, ondoren, horiek garatzeko urratsak elkarrekin egitera», azaldu du Bilbaok eta aurreratu Kontseiluak dagoeneko heldu diola arloz arloko lanketari.
Gaineratu du baita ere erronka garrantzitsua izango dela eragileek lortutako adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea: «Hizkuntza baten normalizazio-prozesua soziala eta politikoa da. Hanka sozial sendoa behar du, baina bai eta hanka politiko sendoa ere. Horrexegatik, gure asmoa da adostasun sozial trinko hauek adostasun politiko bihurtzea».
Erakundeen eta eragile politikoen presentzia
Dokumentua adostu duten hamarnaka eragileez gain, erakundeetako ordezkariak ere izan dira gaurko ekitaldian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi Donostiako Udaleko Euskara Zinegotzi Jon Insausti, bai eta UEMAko zein Udalbiltzako ordezkariak ere.
Eragile politikoen ordezkaritza zabala ere izan da ekitaldian; EAJ-PNV, EH Bildu, Geroa Sozialberdeak, Elkarrekin-Podemos eta EH Baiko ordezkariak izan dira Kursaal jauregian.