Jardueren ordutegia 02:00ak arte luzatu ahalko da gaurtik eta ostalaritzan, mahaiko sei pertsona batu

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 18a, 18:34

Gaur argitaratuko da LABIren Aholku Batzordeak atzo adostutako dekretua eta argitaratzearekin bat jarriko dira indarrean bertan jasotzen diren neurri berriak. Horien artean daude jarduera kulturaletako eta ostalaritzako ordutegiak 02:00ak arte luzatu ahal izatea; elkarte gastronomikoek eta txokoek berriz ere ateak zabaltzeko baimena; eta edukiera mugatuarekin, kirol ikuskizunetan publikoa egon ahalko dela.

Egoera epidemiologikoak hobera egin duela-eta, LABIren Aholku Batzordeak orain arte indarrean dagoen dekretua moldatzea eta neurri malguagoak ezartzea erabaki zuen atzoko bileraren ostean. Gaur argitaratuko da dekretu berria eta orduan ezarriko dira neurri berriak ere.

Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren bileraren ondoren egindako agerraldian azaldu zuenez, neurrien malgutzea aurretik ezarritako bi irizpide betetzearen ondorioa da: intzidentzia-tasa metatua 150 baino txikiagoa izatea –gaurko datuen arabera, 125,47koa da–; eta ZIU-ak bigarren agertokian egotea. Lehendakariak esan zuen baina, neurriak zenbat eta malguagoak izan, orduan eta beharrezkoagoa dela oinarrizko prebentzio neurriak betetzea, eta "itxaropenaren eta zuhurtziaren" uda izango dela gaineratu. "Azken txanpan gaude. Borroka gogor hau irabazi behar dugu, atzerapausorik gabe. Konfiantza osoa dut euskal gizartearen konpromisoan ", azaldu zuen lehendakariak.

15-20 eguneko epean berrikusiko da irizpideen egoera eta lehendakariaren esanetan, joera positiboa mantentzen bada Bizi Berri III planak proposatzen dituen neurri berriak hartuko dira, edota osasun larrialdia bertan behera uztea aztertuko da.

Gaurtik indarrean egongo diren neurri berriak

 

  • Ordutegiak eta edukierak

Establezimenduak 02:00ak arte egon ahalko dira zabalik, eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu horretarako eten beharko dute. Bai merkataritzan eta baita orokorrean ere, eta kontrako muga espezifikorik ezean, edukiera %60ekoa izango da gehienez.

  • Ikusle kopurua kirol, kultura eta gizarte ekitaldietan

1.600 pertsonatik beherako espazioetan, barruan 600 pertsona elkartu ahalko dira gehienez, eta kanpoan 800. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko espazioetan, barruan 800 eta kanpoan 1.200 pertsona gehienez. 5.000 pertsona baino gehiagoko esparruetan gehieneko edukiera ezingo da %30 baino handiagoa izan.

  • Ostalaritza

Gehienez 02:00ak arte egon ahalko dira zabalik tabernak eta jatetxeak eta mahai bakoitzean batu ahalko den jende kopurua seira zabalduko da. Barneko edukiera %50ean mantenduko da eta debekatuta jarraituko du zutik edo barran kontsumitzeak.

III. eta IV. taldeetan sailkatutako gaueko aisialdiko establezimenduek itxita jarraituko dute; I. eta II. taldeetan sailkatutakoek, ostalaritzaren neurri orokorrak bete beharko dituzte.

  • Txokoak eta elkarte gastronomikoak

Urriaz geroztik itxita dauden elkarte gastronomikoek eta txokoek berriz ere zabaldu ahalko dituzte ateak, 09:00etatik 02:00etara eta ostalaritzako irizpide eta neurri murriztaile berdinekin. Etengabe aireztatuta egon beharko dira.

Gazteen lokalek itxita jarraitu beharko dute.

  • Kultu-lekuak

%60ko gehienezko edukiera. espazio itxietan egindako beilategietan eta ehorzketetan %40ko edukiera izango da muga; kanpoan egiten direnetan ez da pertsona mugarik egongo pertsonen arteko muga gutxienez 1,5 metrokoa bada.

  • Kirola egitea

Aire zabalean, ez pertsona mugarik egongo kirola egiteko eta barruko instalazioetan gehienez 10 pertsonako taldeetan egin ahalko da. Eskola Kirola entrenamenduan eta lehiaketetan egin ahalko da. Aldageletan edukiera gehienez %50ekoa izango da eta dutxak banaka edo pertsonen artean gutxienez 2 metroko distantzia errespetatuz erabili ahalko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak