Mahamadou Marega: "Bizia salbatzeko egin behar izan nuen ihes Malitik"

Maialen Santos 2021ko eka. 20a, 09:48
Mahamadou Marega, Arrasaten bizi den etorkin asilo-eskatzailea, asteon.

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur, domeka, eta data aitzakia hartuta, euren herrialdetik ihesi ari direnei laguntzen jarraitzeko eskatu die Debagoieneko herritarrei.

Duela hamalau hilabete atera zen Mahamadou Marega (Mali, 1978) jaioterritik ihesi, biziproiektu berri bati ekiteko helburuarekin. Iazko iraila ezkero bizi da Arrasaten, eta herriko bizilagunendako "esker hitzak" besterik ez du.

Zergatik egin behar izan zenuen Malitik ihes?

Gizakien salerosketagatik. Esklabo moduan lan egitera behartzen gintuzten, inolako ordainsaririk gabe. Eta heriotza-mehatxuak ere jasaten genituen. Are gehiago, nirekin lan egiten zuten asko erail zituzten, eta beste asko torturatu; tartean, ni neu. Beraz, esan dezaket nire bizia arriskuan zegoela, eta hori salbatzeko ez zitzaidala ihes egitea besterik geratu.

Hunkitu egiten zaitu iraganaz hitz egiteak...

Bai. Kontziente naiz sekulako zortea izan nuela, ihes egitea lortu nuelako. Izan ere, morroiek inolako sentiberatasunik gabe tratatzen gintuzten. Oraindik oso gogorra egiten zait atzera begiratzea, asko hunkitzen nau. Badakit orain toki seguru baten nagoela eta nire bizia ez dagoela arriskuan, baina orain artean ezin izan dut iragana gainditu.

Nola sartu zinen Espainiako Estatura?

Pateran iritsi nintzen, Malagara, eta bertan polizia-etxera eraman ninduten asilo-eskaera egitera. Gero, Cadizko San Fernando herrian izan nintzen bizitzen. Horren astean, Arrasatera lekualdatu ninduten. Bide osoa egin dut Gurutze Gorriko kideen eskutik.

Duela zenbat iritsi zinen Malagara?

Duela urte bat eta bi hilabete. Edozelan ere, iritsi nintzenean ez nekien irakurtzen ez eta idazten ere; beraz, ez naiz gai esateko toki bakoitzean zenbat hilabete eman ditudan. Badakit, baina, Arrasaten joan den iraila ezkero bizi naizela.

Dagoeneko badakizu irakurtzen eta idazten...

Bai; hemen irakatsi didate. Egun, etxebizitza batean bizi naiz beste hiru lagunekin, eta egunero jasotzen ditut eskolak; oso gustuko ditut. HHIra (EPA) joaten naiz, eta, horretaz gain, gaztelera ere badihardut ikasten. Eskolak amaitutakoan herrian paseatzea ere gustuko dut.

Zer egin gura duzu etorkizunean?

Arrasaten geratu gurako nuke. Andaluziarekin alderatuta, oso bestelakoa da iparraldea, eta gehiago gustatzen zait. Gobernuak nire asilo-eskaera onartu dezan gura dut, eta, hala, nire ametsa bete: Arrasaten bizi eta okina izan nahi nuke, nahiz eta beste edozein lanetan ere gustura arituko nintzatekeen.

Asilo-eskaera onartzeak zein esangura du zuretzat?

Errefuxiatu izaera onartuta izango nuke, eta hori da niretzat garrantzitsuena; horrek esan gura baitu Gobernuak aitortu duela Malin nire bizia arriskuan egon daitekeela, eta, beraz, ofizialki babestuta egongo nintzateke. Gainera, Estatuan bizitzeko eta lan egiteko baimena izango nuke. Duela hamalau hilabete egin nuen eskaera, eta oraindik zain nago. Asiloa onartzeak hilabete asko eraman ditzake, eta, gainera, ez dago ziurtatuta onartuko dutenik ere.

Gurutze Gorriak zertan lagundu dizu?

Denean. Aterpe bat eman didate, baita elikagaiak ere. Ikasketak egiten laguntzen didate, eta medikuarenean edota administrazioan hitzordua dudanean bertara laguntzen didate.

Arrasateko herriari buruz zer esan dezakezu?

Esker hitzak besterik ez dut Arrasateko bizilagunentzat. Ederki hartu naute eta jendeak ahal duen guztian laguntzen dit. Kalean tokiren batera iristeko laguntza eskatzean oso jator ematen dizkidate argibideak, eta, are gehiago, noiz edo noiz lagundu egin didate toki hori aurkitzen. Nire egoeran daudenei laguntzen jarraitzeko eskatu gura diet. Jainkoari ere egunero eskatzen diot lagundu diezagun: ni, eta baita inguruan ditudan herritarrak ere.

Errefuxiatuak laguntzeko zerbitzuak

Gipuzkoako Gurutze Gorriak, besteak beste, Arrasaten gauzatzen du errefuxiatuak laguntzeko programa. Espainiako Ministerioak bideratzen ditu asilo-eskatzaileak, eta programako psikologo Angela Peinadok adierazi du hemezortzi hilabetez ematen dietela laguntza: "Sei hilabete egiten dituzte Arrasaten ditugun etxebizitzetan –lau daude–, edo Eskoriatzan –bakarra dago–. Gero, euren kabuz topatu behar izaten dute etxebizitza bat, nahiz eta beraiek laguntzen jarraitzen dugun urtebetez". Gaineratu du laguntza ekonomikoa, psikologikoa eta administratiboa ematen dietela, eta egun, 25 lagun inguruk jasotzen dute. "Denbora amaitzean suposatzen da gai direla euren kabuz bidea egiten jarraitzeko; helburua da ahalik eta egoera onenean heltzea".

CEAR-Euskadik Oñatin duen Larraña Etxea harrera zentroan ere hartzen dituzte asilo-eskatzaileak. 2018ko urrian zentroa ireki zutenetik, 450 lagun ingururi eman diote laguntza, bertako zuzendari Arantza Chaconek azaldu duenez: "Une honetan 48 pertsona bizi dira zentroan: 36 gizonezko eta 12 emakumezko. Horien artean bost familia daude, eta zortzi dira adinez txikikoak". Eta gehitu du: "Toki askotatik datoz: Nigeria, Maroko, Guinea, Aljeria... Eta lehen aldiz Georgiako familia bat ere badugu". Hamahiru langile eta "boluntario ugari" aritzen dira egunerokoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak