- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Debagoieneko herrietako intzidentzia-tasetan, ez da aldaketa nabarmenik izan azken orduetan. Gutxi bada ere, behera egin dute zenbatekoek Arrasate eta Bergaran –azken hau kolore berdetik gertuago kokatuz–, eta Oñatin, aldiz, gora egin du intzidentziak. Nolanahi ere, mapak ez du itxura aldatu; bertan daude datu eguneratu guztiak:
- Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Ospitaleraturik ez, Debagoienean
Debagoieneko Ospitaleak emandako datuen arabera, aurreko asteko eguenetik, hilak 10, ez dago koronabirusdun inor bertan ingresatuta. Luisa Diez ESIko zuzendariak, baina, zuhurtziazko mezua helarazi du: "Oso pozgarria COVID-19dun gaixorik ez egotea, baina oraindik ere kutsatzeak ematen dira eta adi jarraitu behar dugu".
EAEko ospitaleetan, berriz, hamar lagun ingresatu dituzte azken orduetan, eta 122 daude guztira erietxeetan –aurreko egunean baino hamasei gutxiago–. ZIUetan 53 pertsona daude eta plantan 69. Nafarroan, 28 lagun daude COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta eta horietatik bederatzi daude ZIUn.
236 kasu, Hego Euskal Herrian
Positibo berriei dagokienez, 9.141 PCR eta antigeno proba egin ostean, 136 kasu baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian: 115 Bizkaian, 46 Nafarroan, 38 Gipuzkoan, 28 Araban eta bederatzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Positibotasun-tasa %2,5ekoa izan zen atzo EAEn eta %3,2koa Nafarroan.
Bestetik, EAEko intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du. Zehazki, 5,05 puntu egin du behera, eta 132,74an kokatu da. Eta oinarrizko birsorkuntza datuari (R0) erreparatuta, zenbatekoa berdin mantendu da: 0,82koa da, hain zuzen ere. Datu horrek adierazten du kutsatuta dagoen pertsona bakoitzak zenbat lagun kutsatzen ditzakeen batez beste, eta 1,00etik beherakoa bada, pandemia hedatzen ari ez dela ondoriozta daiteke.