Zortzi kasu baieztatu ziren egubakoitzean, bost zapatuan eta hiru atzo; guztira, hamasei (aurreko asteburuan baino hiru gehiago).
HERRIA | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 4 | 2 | 2 | 8 |
Oñati | 3 | 2 | 1 | 6 |
Aretxabaleta | 1 | 0 | 0 | 1 |
Bergara | 0 | 1 | 0 | 1 |
Antzuola | 0 | 0 | 0 | 0 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Eskoriatza | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 8 | 5 | 3 | 16 |
Eskualdeko mapa, berdeago
Intzidentzia-tasei erreparatuta, asteburuan behera egin dute zenbatekoek –Oñatin izan ezik–. Hala, hainbat udalerrik 70 kasuren azpitik dute intzidentzia metatua, eta hortaz, kolore berdez daude markatuta mapan. Gainera, beste batzuk mugan daude –Eskoriatza 73,12rekin eta Bergara 79,81ekin–, eta egoerak hobera egiten duela ondoriozta daiteke horrela.
Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
EAEko intzidentzia, 150etik gertu
Erkidegoko tasak behera eginten jarraitu du azken egunetan, eta 155,70ekoa izan da erregistratutako azkena. Horri lotuta, gogoratu behar da, LABIk ebatzitakoaren arabera, tasa 150etik jaisten bada, neurriak arindu egin daitezkeela: ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea edota elkarte gastronomikoak irekitzea, besteak beste.
Honako grafiko honetan daude lurralde bakoitzeko bilakaerak:
Oinarrizko birsorkuntza datua (R0) 0,85ekoa izan zen atzo. Gauzak horrela, ondoriozta daiteke azken hiru egunetan pandemia ez dela hedatu.
Bestetik, positibo berriei erreparatuta, Hego Euskal Herrian 5.582 proba diagnostiko egin dira azken orduetan, eta 151 positibo baieztatu dituzte (proben % 2,6ek eman du positibo EAEn eta % 3k Nafarroan: 54 Bizkaian, 47 Gipuzkoan, 26 Nafarroan, 22 Araban eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
EAEko Osasun Sailaren hurrengo taula honetan, aste bakoitzeko positibotasun-tasaren datuak daude. Ikus daitekeenez, zenbatekoak behera egiten ari dira astetik astera:
Ospitaleetan, hamasei lagun ingresatu dituzte azken orduetan, eta guztira, 157 dira EAEko erietxeetan ospitaleratuta daudenak. Horietatik 60 daude ZIUn (aurreko astean baino 24 gutxiago) eta 97 plantan (aurreko astean baino 43 gutxiago). Nafarroan, bi izan dira azken orduetan ospitaleratutakoak, eta 23 lagun daude plantan eta hamaika ZIUn.