Beñat Herce: "AEBen jarrera gakoa da enpresa handien zerga globala igotzeko"

Hasier Larrea 2021ko eka. 12a, 12:49

Enpresen zuzendaritzan eta administrazioan aditua da Beñat Herce (Eskoriatza, 1981), bere herriko alkate izandakoa ere bai, 2011tik 2015era. Gaur egun MU-ko enpresagintza fakultateko arlo ekonomiko eta finantziarioko arduraduna da.  G7-ak enpresa handiei %15eko gutxieneko sozietate zerga globala ezartzearen asmoari buruz mintzatu da.

Munduko estatu boteretsuenak enpresa handienei zergak igotzearen alde agertu dira. Zenbat eragin du testuinguruak?

Zalantzak ditut pandemiarik ezean hartuko luketen halako erabakirik, nahiz eta AEBetako gobernuan aldaketa egon. Herrialdeen aurrekontuen egoerak guztiz baldintzatu du fondo berriak lortzea. Enpresa txikiak ez daude zergapetze altua izateko moduan; beraz, ez dute beste erremediorik pandemian asko irabazi duten multinazionalak eta fortuna handiak gehiago zergapetzea baino.

Izan ere, Joe Bidenek proposatu du.

Bai; 1,9 bilioi euroko suspertze plana onartu dute Ameriketako Estatu Batuetan, eta kopuru hori lortzeko sozietate zerga lokala %21etik %28ra igo nahi du bertako presidenteak. Badaki neurri horrekin AEBetako enpresek fikziozko egoitza aldaketak egin ditzaketela; beraz, zerga igoera efektiboa izan dadin, bi neurriak batera hartzeko beharra ikusi dute.

Herrialde horren postura gakoa izango da mundu mailako neurria aplikatzeko?

Faktore garrantzitsuena da, Ameriketako Estatu Batuek pisu handia dutelako politika globalean. Halere, G7-aren adierazpen hau G20-an eztabaidatuko da uztailean, eta gero, badirudi Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA) onartu beharko duela benetan aplikatzeko. Prozesu luzea izango du, eta posible izango da neurria aurrera ez joatea; Erresuma Batuak esan du bankuak salbuetsi nahi dituela neurri horretatik. Beraz, argi dago hor borroka sortuko dela, eta gerta liteke zerga igoeraren aurkako jarrera batzuk finkatzea.

Zeintzuk dira enpresa handiak?

Hil honetan Europa mailan beste neurri bat hartu dute, gardentasun fiskala bultzatzeko, ez duena hainbesteko oihartzunik izan. Europan bi urtez jarraian 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten enpresek herrialdez herrialde zenbat salmenta, irabazi eta zerga izan dituzten aitortu beharko dituzte. Horrek pistak ematen ditu zein erakunde edo enpresa zergapetuko diren.

G7-aren erabakiak izan al dezake ezkutuko irakurketarik?

Aditu batzuek diote %15eko gutxiengo zerga gehienezko zerga bihurtu daitekeela, eta, hortaz, ehuneko hori baino gehiago jasotzen duten herrialdeei negatiboki eragingo liekeela. Beste batzuek ezer baino hobea dela diote. Bestalde, iritzi batzuen arabera, sozietate zerga global minimoa ezarriz gero, Google tasaren existentziak ez luke zentzurik izango. Izan ere, zergapetze sistema honen baitan errentagarritasun altua duten multinazionalek %20 arteko zerga tasa ordaindu behar dute –Google, Amazon, Facebook...–.

Euskal Herrian izango al du eraginik G7-aren neurriak?

Hemen badaude Iberdrola eta Petronor moduko enpresa handiak, baina zaila da jakitea ze eragin edukiko lukeen eurentzat. Nire ustez, Google tasa izango litzateke hemen efektiboagoa, herrialde batean izan diren salmentak zergapetu nahi dituelako, bertan egoitza fiskala izan ala ez. Halere, enpresa digital handiek makineria itzela dute tasa hori aplikatu ez dadin, estatuei presio egiteraino. Zerga arautegiak ez zeuden pentsatuta globalizazio eta digitalizaziorako. Online komertzio batek edonondik fakturatzea ahalbidetzen du, nahiz eta egoitza hemen eduki. Egoitzaren printzipioa apurtzea ez da erraza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak