Positibo bat Arrasaten eta beste bat Oñatin

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 9a, 12:50

Azken astean, datuek behera egin duten arren, pertsona bat zendu da bailaran COVID-19aren ondorioz; Bergaran hain zuzen ere. Hala, datu orokorrei erreparatuta, pandemia hasi zenetik 7.741 lagun kutsatu dira Debagoienean eta 169 hil; gaitza hartu dutenen % 2,18 zendu da, alegia.


  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Gaur argitaratu du Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa, eta bailarako zenbateko metatuetan doikuntzak egin ditu. Zehazki, Bergara eta Elgetan zenbatutako kasuetan izan dira gorabeherak. Orain arte emandako datuetan baino bi positibo gutxiago ditu Elgetak eta hiru gehiago Bergarak.

Intzidentziei erreparatuta, kasuen beheranzko joerak isla zuzena du tasetan. Behera egiten ari dira zifrak, eta azken orduetan, Aramaio gorritik laranjara igaro da (337,84).

Datu guztiak daude eguneratuta mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotza bat, bailaran

Azken astean, maiatzaren 31tik ekainaren 6ra, lagun bat zendu da Debagoienean koronabirusaren eraginez. Bergaran erregistratu da heriotza, eta hala, 39 dira gaur arte zendu diren bergararrak. Bailaran, berriz, 169 heriotza erregistratu dira iazko martxotik hona. Goiko mapan daude herrietako datuak.

Bestetik, EAEn, hamalau izan dira gaitzaren eraginez hildakoak –aurreko astean baino zazpi gutxiago–. Hala, guztira, 5.564 pertsona dira pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian zendu direnak (4.373 EAEn eta 1.190 Nafarroan).

308 positibo Hego Euskal Herrian

Guztira, 9.625 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta % 3,4k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta % 2,6k Nafarroan; 308 kasu baieztatu ziren, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, 155 izan ziren Bizkaian hautemandako kasuak, 61 Gipuzkoakoak, 52 Nafarroakoak, 34 Arabakoak eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntza datua (R0) beherantz doa: 0,83koa da.

Eta EAEko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egiten jarraitzen du (ia sei puntu jaitsi da), eta 186,57ko zenbatekoa erregistratu da. Hurrengo grafikoan daude lurraldeetako bilakaerak:

Ospitaleetan ere ZIUetako presioa arintzen ari da egunetik egunera: 80 lagun daude –herenegun baino lau gutxiago–. Eta plantako okupazioak behera egin du: sei lagun gutxiago daude. Guztira, 201 lagun daude EAEko erietxeetan, eta atzo ingresatutakoak 25 izan ziren. Nafarroan, aldiz, 36 lagun daude erietxeetan, eta horietatik hamahiru dira ZIUn daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak