'Goiena' aplikazio berriak zerbitzu azkarra eta pertsonalizatua eskaintzen du

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko eka. 10a, 17:30
Erabiltzaile bat 'Goiena' aplikazioa erabiltzen. (Argazkia: Iagoba Domingo)

Ikus-entzunezkoak, zero kilometroko zerbitzuak eta Goiena klubeko bazkideak dira aplikazio berriak lehenetsi dituen atalak. Guztia azkar eta eroso eskaini gura du app-ak, klik bakarrean erabiltzaileak behar duena eskura izan dezan. 

Goiena Komunikazio Taldeak zerbitzu berri baten aldeko apustua egin du Goiena aplikazio eguneratuarekin. Erabiltzaileek behar duten guztia aurkituko dute klik bakarrean eta Goiena klubeko bazkideek, Goienakideek, abantailak esku eskura izango dituzte. 

Azkartasuna

Media atala da aplikazioa irekitzerakoan ikusten den lehen pantaila, eta bertan jasotzen dira Goienak ekoitzitako bideo, podcast eta argazki galeria guztiak. Nahieran ikusteko aukera eskaintzen du, eta baita deskargatzeko zein partekatzeko ere. Gainera, eduki zehatz bat aurkitzeko bilatzailea ere txertatuta dauka media atalak, galeria, bideo zein audio jakin batera modu azkarrenean heltzeko. 

Horrez gain, herriak zein gaiak pertsonalizatzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, soilik intereseko ikus-entzunezkoak erakutsi ditzan media izeneko pantailak.

Gainera, menuaren bidez Goiena telebistako saioetara eta zuzenekora sarbidea eskaintzen da, baita ikus-entzunezko ikusienak zeintzuk diren kontsultatzeko aukera ere. Menu berean, Goiena.eus-erako sarbide zuzena ere aurkitu daiteke, webguneko albiste guztiak irakurtzeko. 

Goiena 0 km gida

Goiena 0 km gidak ere bere atal bereizia dauka aplikazioan. Debagoieneko komertzio eta zerbitzuen gida osatuena da. Hala, erabiltzaileak modu errazean aurkituko du etxetik gertu dauzkan dendak edo zerbitzuak. Interneteko bilatzaile orokorrek ez bezala, Goiena 0 km gidak komertzio guztiak jasotzen ditu, gertu dagoenari bere txokoa eskainiz.

QR irakurgailua ere badakar aplikazioak, azken urtean garrantzia berezia hartu duen teknologia bere eginez. Izan ere, esandako moduan, aplikazioak azkartasuna eta erraztasuna lehenetsi gura izan ditu.

'Goienakide'

Goiena Klubeko bazkideek txoko berezia daukate aplikazioan. Bertan aurkituko dute zozketetan parte hartzeko bide zuzena –klik bakarrean, daturik eman gabe–, Puntua zein Goiena Aldizkaria online irakurtzeko aukera, edota abantailez gozatzeko klubeko txartel digitala. Baita media ataleko edukiak kalitate altuenean deskargatzeko aukera ere. Hau da, zerbitzu lehenetsia izango dute Goienakideek.

Nola deskargatu

iOS zein Android gailuetan erabili daiteke aplikazioa, eta dagoeneko eskuragarri dago Google Play-n zein Apple Store-n. Doan deskargatu –edo eguneratu–; erabiltzailea sortu eta zerbitzu guztiak esku eskura izango dituzte debagoiendarrek.

Lortu Google Play dendan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak