- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei dagokienez, behera egin dute zenbatekoek azken egunetako joerari eutsiz; halere, oraindik koloretako mapa ez da itxuraz aldatu.
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Positibotasunak, behera
Hego Euskal Herriko positiboei dagokienez, 10.211 probatatik % 2,4k eman du emaitza positiboa EAEn eta % 2,5ek Nafarroan; hots, 245 herritarrek. 107 izan dira Bizkaian erregistratutako kasuak, 70 Gipuzkoakoak, 44 Nafarroakoak, 21 Arabakoak eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.
Positibotasunaz gain, intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du EAEn (-3,41) eta 192,25eko zenbatekoa erregistratu da azken orduetan. Era berean, oinarrizko birsorkuntza datua ere jaitsi egin da: 0,84koa da.
Bestetik, EAEko ospitaleetan, hamahiru lagun gutxiago daude plantan eta ZIUn daudenen zenbatekoa berdin mantendu da (84). Hala, guztira 211 pertsona daude ingresatuta, eta atzoko ospitaleratuak 32 izan ziren. Nafarroan, aldiz, 40 dira guztira ingresatuta daudenak, eta horietatik hamalau daude Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.