Komunikazioan era atseginean murgiltzeko, udalekuak

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 4a, 17:10

Udaleku irekiak antolatu dituzte elkarrekin Mondragon Unibertsitateak eta Goienak. Komunikazioaren sekretuak ezagutzeko aukera izango dute uztaileko bi astetan DBH-4ko eta batxilergoko lehen mailako neska-mutilek, Aiora Mujika youtuberra, Ainhoa Vitoria irrati esataria eta Xabier Urtzelai kazetaria lagun.

Udako denbora librea aprobetxatzeko modu dibertigarri eta aberasgarria izan daiteke Mondragon Unibertsitateak eta Goienak elkarrekin antolatu dituzten Komunikazio Udaleku Irekietan (KUI) parte hartzea. Gaur egungo gailu, plataforma eta joerekin, gazteen egunerokoan pisu handia duen kontua da komunikazioa, eta esperientziadun profesionalekin eta beste gazte batzuekin batera ondo pasatzeko aukera izango dira, zalantzarik gabe, euskaraz lehen aldiz antolatu diren gisa honetako udaleku hauek.Zuriñe Maguregi –MUren Ikus-entzunezko Komunikazio graduko irakaslea– eta Eneko Azkarate –Goienako Edukien zuzendaria– dira KUIren diseinuan eta antolaketan jardun duten eta diharduten lagunetako bi: "Udaleku hauen berezitasun handiena bertan parte hartuko duten gazteek dituzten egungo interesei lotutako edukiak izango dira. Izan ere, ohikoa da etxeko txikienentzako udalekuak antolatzea, baina hemen gazteek ere izango dute euren intereseko gaiekin ondo pasatzeko aukera. Gaur egun, gazte eta gaztetxo gehienek berezkoa dute komunikaziorako grina. Bideoak egin eta informazioa hainbat kanal eta sare sozialetan partekatu eta kontsumitzen dute, une oro. Gertuko gaia da eurentzat, eta aisialdiarekin lotzen dute, baina, agian, ez dira jabetu euren etorkizuneko ibilbide profesionalaren parte ere izan daitekeela". Beste zerbaiten hastapenak ere izan daitezke, beraz, udalekuok; aurrena, hori bai, udako oporretan ongi pasatzeko aukera bat gehiago. Hamabost egun barrura arte dago izena emateko aukera, ekainaren 18ra arte.

Helburua da era kritiko, praktiko eta dibertigarrian komunikazio arlora hurbiltzea

Bi txandatan egingo dituzte udalekuak: uztailaren 5etik 9ra aurrenekoa eta 12tik 16ra bigarrena; astebeteko iraupena, beraz, txanda bakoitzak, goizez, 09:00etatik 13:30era. Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen Komunikazio campusean egingo dituzte saioak, bertako baliabideak erabiliz: telebista platoa, ordenagailuak zein beste. Horrekin batera, Goiena Komunikazio Taldeak Arrasaten dituen instalazioetara ere egingo dute bisita txanda bakoitzean.Udalekuon helburua da "gazteak modu kritiko, praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura". Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, youtuber izateko gakoak, podcastak nola egin, benetako albisteak eta faltsuak nola identifikatu... "Komunikazio udalekuetan parte hartzea gazte batentzako oso erakargarria izan daiteke, eta baliagarria, batez ere, euren ikuspegi eta pentsamendu kritikoa garatzeko; informazioa eta askotariko inputak jasotzen dituzte egunero, une oro, hainbat kanaletatik, eta balioko die eurek ere jakiteko nola kudeatu informazioa, zeri erreparatu eta nola. Hau da, begia fintzeko eta ikuspegi kritiko hori garatzeko", dio Zuriñe Maguregik; baina, noski, hori guztia, ondo pasatuz. "Izango da jolasean; ikasteko helburua badago, bai, baina egingo dute konturatu barik". Ez alferrik, ikasturtea amaitu ostean, uda sasoia da, eta, horretarako, ondo pasatzeko garaia da. Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Goienako profesionalek hartuko dute parte Komunikazio Udaleku Irekietan –Maguregik berak eta Goienako Aitor Agirianok egingo dituzte begirale lanak–. Era berean, landuko diren gaietan ezagunak diren eta eskarmentua duten pertsonek emango dituzte master-eskolak: Aiora Mujika @probatxoa youtuberrak –bestelako sare sozialetan ere oso aktiboa da–, alde batetik; Ainhoa Vitoria komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak, bestetik; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urtzelaik, azkenik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan zein fotokazetaritzan aditua denak.

Kataluniako udalekuen berri izanda

"Kolaboratzaile batek esan zigun berak ezagutzen zuela nola Katalunian bizpahiru urte zeramatzaten kazetaritza udalekuak egiten, eta iruditu zitzaigun gurera ekartzeko moduko ideia zela", dio Goienako Eneko Azkaratek ideiaren jatorriari buruz; Araegunkariaren udako campusaren berri izan ostean erabaki zuten Mondragon Unibertsitateak eta Goienak ere eurena martxan jartzea. "Hura aintzat edo eredu moduan hartuta diseinatu dugu gurea, baina ez da haren berdina. Fundesplai fundazioarekin batera antolatzen dituzte haiek, eta egun osoko udalekuak dira; hau da, astelehenetik ostiralera eguneko jarduerak egiteaz gain, lo ere bertan egiten dute gazteek. Hura kazetaritzara bideratuagoa da; gurean, ordea, komunikatzaile baten profil ezberdinak ezagutzeko aukera eskainiko dugu: kazetari, aurkezle, irrati esatari... Gaur egun, komunikazioaren ikuspuntutik, gazteei interesekoak eta erakargarriak izan ahal zaizkien bideo grabaketak, kamera aurrekoak, Youtuberekin lotutakoak, podcast edo entzuteko moduko eduki digitalak, argazkigintza... izango dituzte lanketa gai udalekuetan". Izena emateko epea zabalik dago, ekainaren 18ra arte, eta udalekuen prezioa 125 euro da. Plaza mugatuak izango dira; txanda bakoitzean, gehienez ere, 25 lagun elkartuko dira, COVIDak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak betez. DBH-4ko eta batxilergoko lehenengo mailako neska-mutilek parte hartu ahalko dute udalekuetan; 14 eta 17 urte arteko gaztetxoek, horrenbestez.

Youtuberekin lotutakoak, poadcastak,argazkigintza... landuko dituzte

Etorkizun hurbilean euren ikasketak komunikazioaren ingurukoetara bideratzeko asmoa dutenentzat aproposak dira, baina baita beste edozeinentzat ere, gaztetxo askoren egunerokotasunean tarte handia duten gaietan jardungo baitute bost eguneko esperientzia horretan.Eduki eta arlo horietan garatzen joateko aukera paregabea da, beraz, KUI, gustuko horretan jarduteko eta are gehiago zailtzeko; zeren, udalekuetan parte hartuko duen Aiora Mujika @probatxoa-k dioen bezala, askok komunikazio arloko gaitasunak berezkoak izanda ere, hainbat alderditatik landu daitekeen gauza ere bai baita: "Batzuek txiki-txikitatik izaten dute komunikatzeko gogo berezi bat eta jendearen aurrean aritzeko erraztasuna. Beste batzuetan, ordea, zerbait kontatzeko gogo hori urteekin agertu daiteke, eta jendaurrean aritzeko trebezia pixkanaka landu daitekeen zerbait da. Askotan pentsatu izan dut txikitako Aiorak ez lukeela sinistuko gaur egungoak jendaurrean hitz egiteko duen gaitasuna".

Naia Carabias, izena eman du: "Argazkilaritza eta editatzea gustuko ditut"

15 urte ditu, eta "ondo pasatzeko asmoz" eman du izena udalekuetan.

Zer dela-eta eman duzu izena Komunikazio Udaleku Irekietan?

Irakasleak animatu gintuen. Plastikan, editatzea eta argazkiak ateratzea-eta gustuko dugun hainbat lagunek jarduten dugu. Gero, amarekin ibili nintzen Goienan udalekuko programari begira, eta gustatu egin zitzaidan ideia. Horrez gain, lagun batzuek ere eman nahi zuten izena, eta hemen nago.

Etorkizunerako moduko arloa iruditzen zaizu komunikazioarena?

Zaletasun moduan bai; bestela, ikasketak arlo zientifikotik ditut bideratuak.

Aiora Mujika '@probatxoa', youtuberra: "Bideoak egin eta zabaltzeko zaletasuna nahi dut konpartitu"

Udalekuetara, irakasteko asmoz baino gehiago, parte hartzeko mentalitatez joango dela dio Aiora Mujikak: "Bideoak egitea eta Youtuben zabaltzea nire zaletasuna da; zaletasun hori konpartitu nahi dut. Nire esperientziatik ateratakoak konpartituko ditut, eta espero dut gazteek beraienak kontatzea". Mujikak dio beretzat arrakasta dela "bideoak egiten jarraitzea, batzuentzat entretenigarri direla jakitea, askok euskara ikasteko darabiltzatela entzutea...".

Xabier Urtzelai, kazetaria: "Edukiak du garrantzia, ez erabilitako gailuak"

Fotokazetaritza ere landuko dute udalekuetako gaztetxoek, Xabier Urtzelairekin. Gailu digitalekin erraztasun handia dute, baina Urtzelaik dio edukian ere arreta jarri behar dela: "Edukiak du garrantzia, ez erabilitako gailuak. Teknologiak aurrerapauso handia eman du, baina komunikazioaren esparrua hori baino gehiago da". Uda-sasoi bete-betean, gazteengan interesa sortu eta saio "dinamikoak" egiteko asmoa agertu du.

Ainhoa Vitoria, irrati esataria: "Gauza asko egin daitezke ahotsarekin eta soinuarekin"

Vitoriari ideia bikaina iruditzen zaio udalekuok antolatu izana: "Gazteak oso trebeak dira teknologian, eta ondo pasatzeko beste aukera bat dute hau". Horrez gain, balio diezaieke youtuber edo irrati esatari izatearen atzean ze lan dagoen ikusteko: "Interesgarria izango zaie trebatzeko". Vitoriaren helburua izango da "oso praktikoa izatea eta erakustea ahotsarekin eta soinuarekin zenbat gauza egin daitezkeen: audioliburuak, antzeztu, erreportaje serioak...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak