Digitalizazioaren aroan, aldaketak banketxeetan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 4a, 17:56

Herritar bat Aretxabaletako Caixabank-en bulegoan sartzen

Digitalizazioa eta interes-tasak negatiboan izatea aldaketak eragiten ari da. Zenbait kasutan, gainera, sukurtsalak itxi dituzte bankuek, pertsonalean murrizketak egin dituzte eta protestak izaten ari dira, baita Debagoienean bertan ere.

Banketxeen sektorearen berregituraketa prozesua duela urte batzuk hasi zen, eta horren eragina gogor kolpatzen ari da banketxeen langileengan zein erabiltzaileengan. Sukurtsalak ixten ari dira, langileen kaleratzeak ere gertatzen, eta, aurreerretiro planak ere eskaintzen ari zaizkie zenbait langileri, lehen eskaintzen zituztenetatik gaur egunekoekin alderatuz baldintza aldaketa nabarmena izanda, besteak beste.

Bailarako banketxeetan ere kolpatzen ari da fenomenoa: "Ez da oraingo kontua. Duela zenbait urte hasi zen banketxeen berregituraketa prozesua. Gogoan dut Bergaran San Lorentzo auzoan Laboral Kutxa itxi zutela, esaterako. Elgetako Kutxabank bulegoa ere itxi zuten iaz, kutxazain automatikoa utzi arren, eta Eskoriatzan ere Santander bankuko bulegoa itxi dute. Azken honetan, gainera, deslokalizazioa gertatu da; hau da, banketxea herritik kentzea. Eta hori ezohikoa da", adierazi du Ibon Agirrek, Bergarako Caixabank-eko arduradunak.

Errentagarritasuna da ardatza

Gertatzen ari den egoeraren arrazoiak hainbat dira, baina nagusiak banku-erakundeen arteko fusioak, digitalizazioaren eragina –pandemiak handitu egin du– eta interes-tasak direla argi du Agirrek, Euriborra negatiboan izatearekin batera. "Adibide bat jartzearren: bankuak dirua hartu eta mailegatu egiten du, eta marjina bat atera. Marjina hori gutxitu egin da, eta lehen lortzen zituen irabazi horiek ez ditu lortzen gaur egun. Hala, lehengo irabazi portzentajea izatera bueltatu nahi badu, kostua jaistea modu bat da. Hor sartzen dira gastu pertsonalak, eta horregatik datoz murrizketak".

Banketxeei eskaerak

Kaleratzeak direla-eta enplegua erregulatzeko espedienteen kontrako greba egin zuten maiatzaren 26an BBVAko langileek, Espainian 3.798 langile kaleratu nahi dituztelako. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak izan ziren, LABek, ELAk eta CGTk deituta, eta langileen ordezkariek presioa egin diote bankuari, kaleratzeak saihesteko eta baldintzak hobetzeko. Caixabank banketxeko kaleratzeak direla eta, eguazten honetan ordu erdiko geldiunea egin dute. Gaur amaituko da epe ofiziala BBVAko ERE-en negoziazioak ixteko; Caixabanken kasuan, berriz, hilaren 10ean amaituko da epea.

Pentsiodunak, berriz, banketxeen abusuzko banku-komisioak, sukurtsalak ixtea eta aurrez aurreko arreta murriztea salatzen izan dira, banku eta aurrezki kutxen aurrean. Eskaera guztiak betetzea zaila bada ere, Arrasateko Nagusien Kontseilukoek herrian dagoen Kutxabankeko bulegoan pauso bat eman zutela adierazi dute. "Bulego honetan 10:00etatik 12:00etara bitartean lehentasuna izatea pertsona helduek eta haurdun daudenek lortu genuen, eta, ilara luzea dagoenean ere, gestionatzera ateratzeko konpromisoa hartzen dute orain", adierazi du Alberto Cabiqueta kideak.

Digitalagoak, errentagarriagoak

2008an, 45.707 banketxe zeuden Espainia osoan banatuta. 2020ko bigarren hiruhilekoan, Espainiako Bankuko datuek adierazten dute 23.685 geratu direla, %48 gutxiago. Murrizketa izugarria bada ere, adituen esanetan, bide beretik jarraituko du olatu horrek. "Bost-hamar urtera, bulegoetan pertsona bakarra edo bi egongo dira, makinak izango dira dirua ateratzeko, beste bat mailegua eskatzeko… eta bertan egongo den pertsona hori aholkatzeko egongo da. Hori da nire iritzia", adierazi du Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak