Pertsonen Berrikuntza Hilabetearen hirugarren edizioa Garaian

Maialen Santos 2021ko eka. 4a, 19:05

2019az geroztik berrikuntzaren jokaleku bilakatu da parkea, eta pertsonen talentua garatzea da helburua.

Egungo ingurune ziurgabe eta aldakorra "geratzeko" etorri dela azaldu dute Garaia Parke Teknologikoko arduradunek, eta horrek "erronka garrantzitsuak" dakarzkie erakundeei eta, batez ere, pertsonei. "Ezin dira ahaztu garaiotan hainbat erakundetan garatzen ari diren irtenbide zientifiko eta teknologiko guztien atzean pertsonak daudela euren talentua aplikatzen, soluzioak aurkitzeko, eta erabiltzaileak edo onuradunak daudela", diote.

Jardunaldiak eta ikastaroak

Maiatzeko astearte guztietan pertsonen eta erakundeen talentuaren kudeaketari, adimen emozionalari eta eraldaketa kulturalari lotutako online eta aurrez aurreko jardunaldiak eta ikastaroak egin dituzte, eta 170 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte horietan.

WeBring-eko kide Amaia Munuera izan da ekimenaren lehenengo parte hartzailea, Nola erakarri talentua eta ez hil saiakeran jardunaldiarekin. "Employer branding-a lantzen lagundu digu, talentua erakartzeko dugun gaitasuna hobetzeko, errekrutatzearen kostuak murriztuz eta langileen konpromisoa areagotuz", zehaztu dute.

EQUILIAk, Judith Castillo bazkide fundatzailearen bitartez, erakunde baten balioak ukigarri bihurtzeko tresnak proposatu ditu, erakundeak eboluzionatzeko mapa bat osatuz, Nola gidatu balio partekatuek bultzatutako erakundeak? jardunaldiarekin.

KRUCE enpresatik, Alaitz Osa eta Romu Arteche fundatzaileek lider orok kontuan izan behar dituen Lidergo transformazionalaren bost ardatzak proposatu dituzte: enpatizatzea, inspiratzea, eragitea, haztea eta eraldatzea.

Pertsonen Berrikuntzaren Hilabetea amaitzeko, Zuriñe Altubek Adimen emozionala, talentua garatzeko giltzarria tailerra aurkeztu du, "egungo lan ingurunean talentua indartzeak duen garrantziaz jabetzeko".

Eskaintza zabala

Eskaintza, oro har, gizarte osoari zuzenduta dago, eta, bereziki, taldean lan egiten duten pertsonei: giza baliabideetako profesionalei, erantzukizuneko karguak dituztenei eta jendaurrean eta hezkuntza sektorean lan egiten dutenei. "Hiru edizio eta hamahiru ekitaldiren ondoren, parkeak gizartean inpaktua izatea lortu du, inguruko profesionalen eta gizartearen parte-hartzea 540 pertsonatik gorakoa izanda eta pandemiaren oztopoak gaindituz", esan dute Garaiatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak