Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta EAEko ostalaritza elkarteek sustatuta, herritarrak sentsibilizatzeko ekimena egingo da bihar eta etzi. Osasun neurriak gogoraraziko dituzte dinamizatzaile-taldeek zazpi herritan, tartean Arrasaten.
Zehazki, agenteak ostalari eta bezeroengana gerturatuko dira, eta ostalaritzarekin lotuta indarrean dauden bost neurriak gogoraraziko dituzte: maskara nahitaezkoa dela, elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik; eserita kontsumitu behar dela; gehienez lau lagun bildu daitezkeela mahai bakoitzean –bizikideen kasuan salbu–; eskuetako garbitasuna bermatu behar dela; eta 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia mantendu behar dela. Gainera, informazio-taldeek maskarak ere banatuko dituzte.
Ez da kanpaina hau egiten den lehenengo aldia; iazko udan, San Jose zubian eta Aste Santuan ere egin zen.