Panderoa eta trikitia, ikasgai eta gozagarri

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko eka. 4a, 10:25

Eskoriatzako Zaldibar antzokian Neomak taldeak martxoan egin zuen kontzertua.

Trikiti eskolen eta elkarteen eskutik, askotariko ekitaldiak izango dira ekainean: etzi, hainbat eskolatako ikasleek saioa egingo dute Aramaioko Azkoaga auzoan; Oñatin askotariko ikastaroak izango dira; eta Arrasaten, profesionalen pandero jaialdia.

Iaz Aramaion egin behar zuten Debagoieneko Trikitixa Eguna, baina pandemiak bertan behera utzi zuen, eta aurten ere, eskola berak hartu du antolatzeko ardura. "Egun osoko ekitaldia egin beharrean, bizi dugun egoerara egokituta, bi asteburutan banatuta bi ekitaldi egingo ditugu", azaldu du Aramaioko Musika Eskolako irakasle Aritz Alustizak, eta zera gaineratu: "Herriko, Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Soraluzeko trikiti eta pandero ikasleen emanaldia izango da etzi, domeka, 12:00etan Azkoaga auzoan. Taldeka joko dute, herri bakoitzeko ordezkariek hogei minutu inguru, eta askotariko piezak izango dira, formatu eta tresna ezberdinekin. Gonbidapenak dagoeneko agortuta daude".

Irakaslea, Aritz Alustiza, igoko da taularen gainera ekainaren 12an, Emon taldearekin frontoian eskainiko duen kon- tzertuan. Geldialdi baten ostean, otsailean abiatu zuen taldeak Bergarako Seminarixoan bidaia berria, eta "ilusioz daude" areto kanpoko emanaldiak estreinatzeko. Arrasateko Trikitixa Eskolako kideak dauden Neomak taldeak ere joko du. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Emon-Neomak-Aramaio.Event- brite.es atarian, bost eurotan. Kontzertuaz gain, jaialdia egingo dute, 12:00etan, kultura etxean, eta perkusio, kantu eta irrintzi tailerra, 16:00etan hasita.

Arrasaten, Neomak eta gehiago

Martxoan Amaia antzokian egin zuten eskolako pandero jaialdian taularen gainean izan ziren Neomak taldeko kide Amets Ormaetxea, Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez, euren eskola berekoen aurrean musika bizipenak kontatzen. Oraingoan, kantuan eta panderoarekin eta bestelako tresna askorekin izango dira ekainaren 20an toki berean egingo duten pandero jaialdian. Izen entzutetsuekin osatu dute egitaraua. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Arrasate.eus atarian.

Ikastaroak eta ikuskizuna

Oñatiko Lizargarate Trikitizale Elkarteak antolatuta, panderoari buruzko lau ikastaro egingo dituzte, bihar hasita, baina beteta daude toki guztiak. Ekainaren 26rako, berriz, herriko dantzariekin eta bertsolariekin ikuskizuna ari dira prestatzen.

Askotariko ekitaldiak datozen asteetan

  • Aramaion:
    • Debagoieneko Trikitixa Eskolako ikasleen saioa. Domekan, 12:00etan, Azkoaga auzoan. Sarrerak, agortuta.
    • Emon eta Neomak taldeen kontzertua. Ekainaren 12an, 18:30ean, frontoian –eguraldi txarra bada, barruan–. Horrez gainera, 12:00etan jaialdia kultura etxean, eta 16:00etan perkusio, kantu eta irrintzi tailerra.
  • Arrasaten:
    • Pandero jaialdia. Parte hartuko duten musikariak: Neomak taldea, Elizagoien ahizpak & Oses-Leuza anaiak, Izer (Iosu Arrizabalaga) eta Eneko Dorronsoro, KHAMI (Iraide Ansorena) eta AMAK taldea. Ekainaren 20an, 18:00etan, Amaia antzokian.
  • Oñatin:
    • Panderoari buruzko askotariko ikastaroak. Ekainaren 5ean, 12an eta 19an. Edukiera, beteta.
    • 'Hauspotu bizitza'  saioa. Herriko trikitilariek, dantzariek eta bertsolariek sortutakoa. Ekainaren 26an, 17:00etan, Santa Ana antzokian. Sarrerak, ekainaren 25ean eta 26an Foruen plazan eskuragarri.
 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak