Lau positibo bailaran: bi Arrasaten eta bana Aretxabaleta eta Bergaran

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 3a, 12:46

Azken orduko datuen arabera, ez dago COVID-19a duen inor Debagoieneko Ospitalean; bi ziren atzo ospitaleratuta zeudenak, baina biek jaso dute alta gaur. Bestetik, EAEko intzidentzia-tasak eta oinarrizko birsorkuntza datuak behera egin dute, baina bi lagun gehiago daude ZIUetan.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Ezohikoa den arren, Debagoieneko herrietako intzidentzia-tasak ez dira batere aldatu azken orduetan –horrek esan nahi du atzo erregistratutako zenbateko bera izan zutela duela hamalau egun–. Halere, salbuespen bat izan da: Antzuola. Bertan, intzidentziak behera egin du, gutxi bada ere; zehazki, 229,46koa da orain. Hala, maparen itxura ere ez da aldatu: gorriz jarraitzen dute Leintz Gatzagak eta Aramaiok eta horiz gainerako guztiek.

Mapan daude datu guztiak:

Made with Flourish.
  • Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Ospitaleraturik ez, Debagoienean

Debagoieneko Ospitaleak emandako datuen arabera, ez dago koronabirusdun inor bertan ingresatuta. Bi ziren atzo ospitaleratuta zeudenak baina alta jaso dute gaur.

EAEko ospitaleetan, berriz, 39 lagun ingresatu dituzte azken orduetan, eta 252 daude guztira erietxeetan –aurreko egunean baino bat gutxiago–. Halere, ZIUetako okupazioak gora egin du; bi gehiago dira Zaintza Intentsiboetako Unitatean daudenak (guztira, 91). Eta Nafarroan, bi lagun ingresatu zituzten atzo eta 42 daude orotara ospitaleratuta; horietatik hamahiru, ZIUn.

Positibotasun-tasak, behera

Hego Euskal Herriko positibo berriei dagokienez, 11.247 PCR eta antigeno proba egin ostean, 368 kasu baieztatu dituzte: 158 Bizkaian, 99 Gipuzkoan, 67 Nafarroan, 41 Araban eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Gauzak horrela, positibotasun-tasa jaitsi egin da; % 3,3koa izan zen atzo EAEn eta %3,1ekoa Nafarroan.

Eta behera egiten jarraitzen dute EAEko intzidentzia-tasak ere. Zehazki, 2,27 puntu egin du behera, eta 207,75ean kokatu da. Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) ere behera egin du, eta 1,00tik behera kokatu da: 0,99koa da, hain zuzen ere. Datu horrek adierazten du kutsatuta dagoen pertsona bakoitzak zenbat lagun kutsatzen ditzakeen batez beste, eta 1,00etik beherakoa bada, pandemia hedatzen ari ez dela ondoriozta daiteke.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak