Jaurlaritzak ez ditu jarraituko Kontseiluak ebatzitako arauak

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 2a, 20:40

Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluak hartutako erabakiak baztertu ditu Urkulluk, eta  EAEk bere ibilbide orriari  jarraituko diola azpimarratu du. Bestetik, Madrilgo Gobernuaren jarrera salatu du, eta atzoko bileran "eskuduntzen inbasioa" egin zela gehitu du.

Atzoko bileran, Jaurlaritzak baztertu egin zituen Ministerioaren asmoak, eta ez zuen bozketan parte hartu. Neurriek "Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituztela" eta "LABIk esandakoarekin bat ez datozela" iritzi zuen EAEko Osasun Sailak. Gaur, Iñigo Urkullu lehendakariak berriz agertu du bere harridura eta haserrea, eta "eskuduntzen inbasioa" salatu du. "Euskadik bere ibilbide orri adostu eta eraginkorra du, eta gureari ekingo diogu", esan du Urkulluk.

Halere, atzoko ebazpenean, Ministerioak zehaztu zuen erkidegoei Kontseiluan adostutako ebazpenak ezar diezazkiekeela: "Jarduera koordinatuen adierazpenak ondorioak izango ditu autonomia-estatutua duten komunitate eta hiriei jakinarazten zaienetik". Hala, aditzera eman zutenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean aplikatuko dira neurriak, eta indarrean egongo dira biztanleriaren % 70 txertatuta egon arte.

Ebazpena, neurriak malgutzea

Intzidentzia-tasa 150etik beherakoa den eremuetan –eta "bilakaera positiboa" denean-, Ministerioak ebatzitakoa da tabernak 01:00ak arte egon ahalko direla irekita -00:00etan zerbitzatzeari utzita- eta diskotekak 02:00etan itxiko dituztela. Gainera, gaueko aisiari lotuta, 03:00ak arte luzatu ahal izango da ordutegia intzidentzia 50etik behera dagoen eremuetan. Baimendutako edukierari dagokionez, erdira egongo litzateke murriztuta diskoteketan, eta % 60ra jatetxe eta tabernetan, "aireztapen ona badago". Terrazetan, berriz, % 100ekoa. Bestetik, bilkurak gehienez sei lagunetakoak izan ahalko dira mahai bakoitzean (espazio itxietan) eta hamar lagunekoak, kanpoaldeetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak