Zazpi positibo hauteman dira azken orduetan; horietatik bi, Elgetan

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 2a, 12:48

Hilabete bat positiborik atzeman gabe egon ostean, Elgetan bi kasu erregistratu dira. Beste bi izan dira Bergaran hautemandakoak eta bana Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzakoak. Osasun Sailak egindako azken doikuntzak kontuan hartuta 7.711 dira bailarako kasu metatuak.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasei erreparatuta, zenbatekoek behera egin dute Arrasaten, Bergaran eta Oñatin, eta gora, aldiz, Elgetan eta Eskoriatzan. Azken bi horiei lotuta, berdetik horira igaro dira biak. Elgetaren kasuan, maiatzaren 3an atzeman ziren positiboak azkenengo aldiz, eta azken asteetan 0,00ko intzidentzia izan du.

Gauzak horrela, kolore horia da nagusi eskualdeko mapan –nahiz eta Oñati azpiko mugan dagoen– eta gorriz jarraitzen dute Aramaiok eta Leintz Gatzagak, 400etik gorako intzidentziarekin.

Datu guztiak daude eguneratuta mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotzarik ez, Debagoienean

Azken astean COVID-19aren ondorioz zendutakoen berri eman du gaur Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoan. EAEn, 21 lagun hil dira maiatzaren 24tik 30ra bitartean –aurreko astean baino hiru gehiago–. Hala, guztira, 5.537 pertsona dira pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian zendu direnak (4.349 EAEn eta 1.188 Nafarroan).

Debagoienera etorrita, ez da heriotzarik izan azken astean, eta hortaz, datu metatuak ez dira aldatu: 168 debagoiendar hil dira koronabirusaren eraginez. Goiko mapan daude herrietako datuak.

426 positibo, Hego Euskal Herrian

Guztira, 10.678 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta % 4k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %3,8k Nafarroan; 426 kasu baieztatu ziren, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, 178 izan ziren Bizkaian hautemandako kasuak, 110 Gipuzkoakoak, 88 Nafarroakoak, 45 Arabakoak eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoa. Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) behera egin du goranzko joera hautsiz. Halere oraindik 1etik gorakoa da: 1,02koa, zehazki.

EAEko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du (1,36 puntu jaitsi da), eta 210,03ko zenbatekoa erregistratu da. Hurrengo grafikoan daude lurraldeetako bilakaerak:

Ospitaleetan, berriz, ZIUetako presioa arintzen ari da egunetik egunera: 89 lagun daude –herenegun baino bost gutxiago–. Dena den, plantako okupazioak gora egin du apur bat: bi lagun gehiago daude. Guztira, 253 lagun daude EAEko erietxeetan, eta atzo ingresatutakoak 45 izan ziren. Nafarroan, aldiz, 42 lagun daude ingresatuta, eta azken orduetan ospitaleratze bat egon da ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak