Hamahiru kasu baieztatu ziren egubakoitzean, zortzi zapatuan eta bost atzo; guztira, 26 (aurreko asteburuan baino zortzi gehiago).
HERRIA | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 6 | 3 | 3 | 12 |
Bergara | 3 | 2 | 0 | 5 |
Aramaio | 0 | 1 | 1 | 2 |
Aretxabaleta | 1 | 1 | 0 | 2 |
Leintz Gatzaga | 2 | 0 | 0 | 2 |
Antzuola | 0 | 0 | 1 | 1 |
Eskoriatza | 0 | 1 | 0 | 1 |
Oñati | 1 | 0 | 0 | 1 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 13 | 8 | 5 | 26 |
Intzidentzia-tasei erreparatuta, asteburuan gora egin dute zenbatekoek Aramaion, Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Leintz Gatzagan. Behera egin dute, aldiz, Eskoriatzan eta Oñatin, eta berdin mantendu da Elgetan. Koloreei erreparatuta, hainbat aldaketa izan dira; eskoriatzarrak horitik berdera igaro dira eta Leintz Gatzagan –azken bi positiboen eraginez– berdetik gorrira egin dute salto. Bestetik, Oñatiren egoera ere azpimarratzekoa da, izan ere, eremu berdetik oso gertu kokatu da, 61,04ko tasarekin.
Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Birsorkuntza datua, 1etik gora
EAEn, oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gora egiten jarraitu du asteburuan, eta 1,00etik gora kokatu da; zehatzago esanda, 1,02koa izan da atzo eta herenegun. Gauzak horrela, azken bi egunetan pandemia hedatu egin dela ondoriozta daiteke .
Honako hau da tasaren bilakaera EAEn:
Hego Euskal Herriko Positibo berriei erreparatuta, 6-730 proba diagnostiko egin dira azken orduetan, eta 301 positibo baieztatu dituzte (proben % 4,5ek eman du positibo): 129 Bizkaian, 88 Gipuzkoan, 50 Nafarroan, 32 Araban eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Osasun Sailaren hurrengo taula honetan, aste bakoitzeko positibotasun-tasaren datuak daude. Ikus daitekeenez, zenbatekoak gora egin du azken astean (hilaren 24tik 30era), orain arteko joera hautsiz.
ZIUak 100etik behera
Ospitaleetan, azken orduetan 31 lagun ingresatu dituzte, eta guztira, 259 dira EAEko erietxeetan ospitaleratuta daudenak –duela astebete baino 79 gutxiago–. Horietatik 97 daude ZIUn –aurreko egunean baino bi gutxiago eta duela astebete baino 49 gutxiago–. Nafarroan, berriz, 47 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik hamabi daude ZIUn.
LABIren erabakia, arratsaldean
LABIren Aholku Batzordea gaur arratsaldean elkartuko da pandemiaren bilakaera aztertu eta indarrean dauden neurriak arindu ala ez berrikusteko. Zehazki, 16:30ean bilduko dira osasun agintariak.
Asteburuan hiru aste bete dira alarma egoera indargabetu zenetik eta Jaurlaritzaren neurri berriak indarrean sartu zirenetik –besteak beste, ostalaritza establezimenduak 22:00etan ixtea–, eta gaur erabakiko da ea horiek arinduko diren edo ez. Pandemiaren bilakaeraren araberako erabakiak hartuko direla azpimarratu dute agintariek. Nolanahi ere, egoerak hobera egin duela ondorioztatzen badute, Bizi Berri III Planari jarraituz, ostalaritzako neurriak malgutzea erabaki dezakete.